Nerea Arriaga: "Barrenetik irteten zaigu irrintzia"

Dorleta Agiriano Lai 2018ko abe. 3a, 17:28
Nerea Arriaga 'Txirrita' irrintzilaria 'Erraiak' dokumentalean.

Larunbatean estreinatu zuten Ekain Martinez de Lizarduyek zuzendutako Erraiak lana; irrintziari buruzko lehenengo dokumentala. Bertan parte hartu du Nerea Arriaga Txirrita oriotarrak: "Jende askok ez du ulertzen zer sentitzen den irrintzia botatzean".

Nerea Arriaga Txirrita "txikitatik" aritu da irrintziak botatzen: "Amak erakutsi zidan. Bera ere irrintzilaria da, baina etxe barruan. Ez du jende aurrean egiten". Orioko ibai inguruan irrintzika aritzen ziren ama-alabak. Arriagaren esanetan, "irrintzia botatzen ikasi nuenetik, momentu alaietan barrenetik ateratzen zaidan erantzuna da". Gainera, norberari modu indibidualean ernaltzen zaion oihu bat izan arren, ondasun kolektibo bat bilakatzeko gaitasuna duela azaldu du: "Inguruko guztiak biltzen ditu irrintziak".

Arriagak azaldu duenez, "historia osoan, ez da inoiz irrintziari buruzko ezer jaso eta dokumentatu". Hutsune honi egin dio aurre Erraiak lanak; irrintziaren inguruko lehenengo dokumentala da, eta Ekain Martinez de Lizarduy zuzendariaren arabera, helburua "gure altxor honi duen garrantzia eman eta gaiaren inguruan dagoen ezjakintasunari argia ematea" da.

"Ekain Martinez de Lizarduy nirekin harremanetan jarri eta Erraiak proiektua azaldu zidanean, oso polita iruditu zitzaidan", azaldu du Arriagak. Dokumentalak "irrintziaren esanahia" jorratzen duela esan du, hizketan ageri diren pertsona desberdinen ahotik eta ahotsetik. Bestalde, "Euskal Herrian dauden irrintzi mota desberdinak" ere lantzen ditu. Arriagaren iritziz, "irrintzi mota bat ez da bestea baino hobea. Bakoitzak bere ezaugarriak, berezitasunak eta balioa ditu".

Barrenetatik azalera

"Irrintzia botatzen dugunok asko bizi dugu, barren barrenetik irteten zaigu. Jende askok ez du ulertzen zer sentitzen den irrintzia botatzean, ezta orokorrean irrintzia zertan datzan ere. Beraz, oso ariketa polita da dokumentalak egiten duena, hau guztia jaso eta azaldu ahal izateko", adierazi du Arriagak.

Larunbatean, abenduak 1, estreinatu zuten Erraiak, Aretxabaletan. "Emaitza ikaragarria da. 33 minutuko lana da, eta estreinaldira bertaratu ginen guztiok sentsazio berdinarekin irten ginen: dokumentala Euskal Herriko pertsona orok ikusi beharko luke". Zuzendariaren asmoa Euskal Herriko txoko desberdinetan dokumentala ematea da, herriz herri, baina momentuz ez dute bira zehaztu.

Arriagak lana Oriora ekartzeko asmoa agertu du. Bertan parte hartu du: "Dokumentalean ez naiz hizketan azaltzen; Zarauzko Mollarrin grabatutako irudietan agertzen naiz, irrintzia botatzen", txikitatik barneratu duen oihua kanporatzen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!