Euskaraz Gazte literatur lehiaketako sariak banatu dituzte

Karkara 2018ko abe. 4a, 10:00

Atzo arratsaldean izan zen sariak banatzeko ekitaldia, Orioko udaletxean. Urtero legez, ipuin saila eta olerki saila bereizi zituzten. Karkara aldizkariaren urtarrileko zenbakian argitaratuko dituzte lan sarituak.

Aurten ere Euskaraz Gazte literatur lehiaketa antolatu du Orioko Udalak, eta atzo izan zen sari banaketa, 19:00etan Orioko udaletxean. Azken urteetan legez, Euskararen Eguna probestu zuten ekitaldia egiteko. Bertan izan ziren aurtengo epaimahaiko kideak eta ipuin saileko zein olerki saileko irabazle gehienak.

Epaimahaia azaroaren 29an bildu zen sarituak erabakitzeko, kultur etxean. Honako hauek izan dira aurtengo mahaia osatu duten kideak: Karkara aldizkariko Eli Manterola, Eli Lasa Aiako Kultur teknikaria eta Jabier Zabaleta Orioko Euskara teknikaria.

Epaimahaiak jakinarazi duenez, lan kantitateari dagokionez, ez da bereziki edizio emankorra izan, baina aurkeztutako lanen "kalitate ona" azpimarratu nahi izan dute: sari guztiak banatu dituzte. Hona hemen 2018ko Euskaraz Gazte literatur lehiaketako lan sarituak eta epaimahaiak bakoitzaren inguruan egindako zenbait adierazpen:

Ipuin saila

  • Aipamen berezia: Katebegia, Alazne Arruti. "Ama-alaben arteko bazkalondoko solasa kontatzen du, gaia txakurrak dituztela [...] elkar lotzen dituen kateari beste katebegi bat eransten diote, gozo eta samur".
  • Aipamen berezia: Baserria, Ane Etxabe. "Ipuin laburra da eta ez dauka hitzik soberan".
  • 3. saria: Gab(onak), Joxe Mari Unanue. "Ipuinak prosa zainduan kontatzen du hilabete gutxiren barruan bizimodua guztiz aldatu zaion gaztetxoaren istorioa".
  • 2. saria: Iker, Mikel Iruretagoiena. "[...] gazte errebelde baten gorabeherak kontatu dizkigu ondo jositako prosa bizian".
  • 1. saria: Aitona ingelesa, Iñaki Iturain. "[...] istorio asmatuak baina egiantza handia dutenak, dokumentazio lan zehatza, gertu-gertuko kontakizun eta pertsonaiak, hizkuntza landu ederra...".

Olerki saila

  • Aipamen berezia: Mundua zapi bat balitz, Alazne Arruti. "Mundua handiegi zaio egileari eta zapi baten neurrira ekarri nahiko luke, bertan ez galtzeko; urruti, faltan, sumatzen duen guztia ostera bueltan bisitatu ahal izateko".
  • Aipamen berezia: Aurten bai!, Garazi Urretabizkaia. "Umorez osatutako sorta bat da".
  • 3. saria: Argia, Rosi Lazkano. "Oso bertso hunkigarriak dira, 60 urterekin lehen aldiz amona izatekotan den emakume batek jarriak, "gorde ezin den poza" agertzeko".
  • 2. saria: Badira, Iona Rekarte. "Mundura datozen/dakartzagun haurren taxonomia moduko bat egiten du olerkiak, eta zerrendatze horren bidez, gure gizarte honen eta familia-ereduen erretratua osatzen du".
  • 1. saria: Marearen kontra igerian, Mikel Iruretagoiena. "Azkenaldian ohi baino arretatsuago omen dabiltza guardia zibilak arrantzako txalupatxoak-eta zaintzen eta Orioko arrantzale bati baino gehiagori tokatu omen zaizkio parean, paper eta esplikazio eske".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!