“Gustura nago diskoak izan duen harrerarekin"

Karkara 2018ko abe. 29a, 16:00

Julen Alonsok duela gutxi argitaratu du lehen diskoa, Durango Azoka baino lehentxeago: Sutan dantzan. Gogotsu dago abestiak zuze- nekoetan eskaintzen hasteko.

Julen Alonso
Musikaria

 

Julenek umetan ikasi zuen eskusoinua jotzen, eta 6 urte zituen instrumentuarekin lehen melodia asmatu zuenean. Hamalaurekin trikitixari heldu zion, eta lau urtetan, hainbat txapelketa irabazi zituen. Lehiaketen fasea itxitakoan ekin zion diskoan sartu dituen abestiak konposatzeari.

Hilabete ere ez da pasa `Sutan dantzan´ diskoa argitaratu zenuenetik. Zer moduzko harrera ari da izaten?
Jendeak ondo hartu duela esango nuke. Gaur egun disko gutxi saltzen direla kontuan hartuz, Durangon dezente erosi zizkidaten. Interneten argitaratu nuen lehen singleak, berriz, ia 100.000 entzunaldi izan ditu. Zifra polita da.

Bost egun eman zenituen Durangoko Azokan. Esperientzia ona izan al zen?
Hasieran beldur pixka bat izan arren, eroso egon nintzen, gustura. Uste baino jende gehiagok zuen nire diskoaren berri; trikitixa txapelketetatik ezagutuko zuten askok nire izena, ziurrenik. Batzuek youtuben jarri izan ditudan bideoetatik ere ezagutzen ninduten lehenagotik. Jendearekin interakzio dezente izan nuen Durangon, eta esperientzia benetan positiboa izan da.

Diskoan trikitixa jotzeaz gain abestu ere egiten duzu.
Parte hartu nuen azken lehiaketetan kantatu nuen lehen aldiz jendaurrean. Ordutik, ahotsa trebatzen saiatzen ari naiz, nire proiektuko abeslari nagusia ni naizelako. Hau berria da niretzat, baina ilusio ikaragarria egiten dit aurrean dudan erronkak.

Diskoko kantu guztiak zuk konposatu dituzu. Zer dago melodia horien atzean?
Barru-barrutik sortutako abestiak dira; abesti bakoitzak nire bizitzako fase edo gertaeraren bat ekartzen dit gogora. Niretzat, melodia bakoitzak istorio bat kontatzen du.

Letra gehienak, berriz, beste lagun batzuek sortuak dira.
Kantu bakarreko letra da nirea, gainontzekoak Eneritz Aulestiak, Unai Mendizabalek eta Felix Zubiak egin dituzte. Nik musikaritzat dut nire burua, eta idazten ez naiz trebea; nahiago dut hori besteen esku utzi.

Diskoa zure estudioan grabatu zenuten, eta zu aritu zinen teknikari lanetan ere.
Azken urteetako ikasketa akademikoak arlo horretara bideratu ditut, eta gustatzen zait musikaren esparru tekniko hori ere; musikari hobea izaten laguntzen dit.

Zuzenekoak ematen hasteko asmorik ba al duzu?
Bai, hilabete gutxi barru jo nahiko nuke lehena. Bost musikariko taldea izango dut lagun, eta publikoa eserita irudikatzen dut. Aretoetan eman nahi ditut kontzertuak, entzuleek kantuak giro intimoan jaso ditzaten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!