“Disko berrian biluztu egin naiz emozionalki”

Karkara 2018ko abe. 30a, 18:00

Urte askoan Hira heavy talde ezaguneko abes- lari izan ostean, Ibai Marinek bere izenarekin sinatutako lehen diskoa atera berri du:`Bidean naiz´

Ibai Marin
Musikaria

 

Ibai Marin donostiarra da jaiotzez eta urteak daramatza musika munduan murgilduta: Hira heavy taldearekin bost disko argitaratu zituen, eta oihartzun dezente lortu zuten Euskal Herrian. Taldeak martxa geratu zuenean ekin zion `Bidean naiz´ diskoko kantuak konposatzeari; duela bi urte izan zen hori, Orion bizitzen jarri zen garai beretsuan.

`Bidean naiz´. Nondik eta Nora?

Musikarekin dudan konpromisoa adierazi nahi izan dut tituluarekin; konstantzia bat mantendu dut musikarekin, urte asko dira dagoeneko lanean, sortzen. Ez dut sekula alboan laga; Hira taldearekin geratu ostean, bidean jarraitu dut, abestiak egiten. Musika pasioa da niretzat, eta egunerokoan behar dut; atzo bertan, etxean abesti berri baten zatitxoa sortu nuen, bi esaldi labur. Ikaragarri gozatu nuen momentutxo hori, eta nire buruari berretsi nion beste behin: bai, hau da egin nahi dudana, barruak musika sortzea eskatzen dit.

Zein da disko berriaren atzean dagoen bulkada?

Hira taldeko kantuak nik sortzen nituen, eta muinean, disko berriko abestiek inpultsu bera dute; betidanik, nire emozioetatik abiatuz sortu izan ditut abestiak, eta letretan, gai intimistak jorratzen saiatzen naiz. Halaxe izan da oraingo honetan ere.

Aitari eskaini diozu diskoa.

Sentimenduei dagokionez, etxeko armairua zabaldu dudala baieztatu dezaket, biluztu egin naiz. Aitak duela urtebete utzi gintuen, eta harentzat da abesti bilduma. Kantu batek, zehazki, bera du hizpide: El gran golpeador. Boxealaria izan zen gaztetan, eta omendu egin nahi izan dut.

Letrak euskaraz eta gaztelaniaz idatzi dituzu.

Aitak presentzia handia izan du niretzat diskoaren sorkuntza prozesuan, eta zuzenekoetan hari kantatu nahi diot, gertu sentitu nahi dut. Aita ez zen Euskal Herrian jaioa, eta berarekin gaztelaniaz hitz egiten nuen; horregatik egin dut letrak bi hizkuntzetan idazteko hautua.

Folk-rock estilokoak dira abestiko kantu gehienak, baina ahotsean, heavy kutsuari eusten diozu.

Ahotsa izan da betidanik nire instrumentu eta bereizgarri nagusia. Oraingo musika Hira-rekin egiten genuena baino lasaiagoa izan arren, ahotsaren tinbrea mantendu egin nahi izan dut. Hori da nire zigilua.

Bidelagun dituzun musikari batzuk oriotarrak dira, ezta?

Libana Taboadak, nire bikotekideak, koruak egiten ditu, eta bere anaia Jurgik kitarra jotzen du taldean; erdi oriotarrak dira biak kar kar kar. Bada beste oriotar bat ere, Aritz Pardina, taldeko kitarra jole nagusia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!