Europako Batasunak %20 jaitsi die berdelaren kuota arrantzaleei

Karkara 2019ko urt. 8a, 17:15
Europako Batasunak aginduta, aurten iaz baino berdel gutxiago harrapatuko dute eskualdeko arrantzaleek. (Busturialdeko Hitza)

Arrantzaleak haserre daude Bruselak hartutako erabakiarekin, eta salatu dute ez dela kontutan hartzen tokian tokiko egoera sozio-ekonomikoa

Arrantzaleak lehorrean badaude ere, martxoa inguruan abiatuko duten berdelaren kanpaina da hizpide azken astetan. Izan ere, Europako Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza Ministroen Kontseiluaren urteko bilera egin zen abenduaren amaieran Bruselan, eta bertan 2019. urterako arrantza kuotak zehaztu zituzten. Hartu zituzten neurrien artean dago, besteak beste, berdelaren kuota %20 murriztea, eta arrantzaleek uste dute jaitsiera horrek "gogor kolpatu" dezakeela sektorea. Batez ere berdela amuarekin harrapatzen duten ontzi txikien jarduna, horiek txitxarrotara itsasoratzen ez direnez, ezingo dutelako galera hori handiek bezainbeste konpentsatu.

Eskualdeko arrantzaleak haserre daude erabakiarekin. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailetik jakinarazi zuten, aurten 11.000 tona berdel arrantzatzeko baimena izango dutela Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, Europar Batasuneko kuota osoaren %1,15, eta Estatu Espainolaren kuotari zegokion %33, hain zuzen ere. Europako Arrantza batzordetik azaldu dutenez, hasiera batean zientzialariek berdelaren kuota %42a murriztea proposatu zuten, "espeziea ahul" dagoela uste dutelako. Dena dela, azkenean %20 jaitsi dute, espeziearen harrapaketaren "irizpide sozio-ekonomikoak eta mendekotasun" irizpideak aintzat hartuta.

Hala ere, arrantzaleek uste dute "interes ekonomiko eta politikoak" daude atzean. Alde batetik, azken urtetan Kantauri itsasoko kostaldera berdela ondo iritsi dela azaldu dute, eta bestetik, hemengo arrantza sistema jasangarria dela nabarmendu dute. 

Arraina lehorreratzeko sistema berria 
Urte hasierarekin batera, bestalde, indarrean jarriko da arrantzatzen diren arrainak sailkatu eta lehorreratzeko obligazioa. Hau da, arrain bazterkinak itsasoan botatzea erabat debekatuta egongo da harrapaketa mugatuta dituzten espezietan, eta sareetan harrapatutako arrain guztia porturatu beharko dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!