Rosa Mari eta Faustina Agirre: "Eskerrak eman nahi dizkiegu oriotarrei, hiru hamarkadetan zehar bidelagun izan ditugulako"

Karkara 2019ko urt. 10a, 16:17
Faustina eta Rosa Mari Agirre

Abenduaren 31n itxi zituen ateak Uraitz lurrindegiak, 33 urteko ibilbide luzearen ondoren. Rosa Mari eta Faustina Agirre ahizpak Orioko merkataritzan eragile garrantzitsua izan dira, eta hiru hamarkadetako bizipenak izan dituzte hizpide. 

ROSA MARI ETA FAUSTINA AGIRRE 

Urtarrilaren 31n itxi zenuten Uraitz lurrin denda. Zer dela-eta?
Rosa Mari Agirre: Gu erretiratu egin gara, eta ez du jarraipenik izan negozioak. Etorri zaizkigu hainbat lagun galdezka, baina gu izan gara zenbakiak aurkeztu eta negozioa ez dela bideragarria argi esan diegunak. Guk ez ditugu besteak itota ikusi nahi, negozioa errentan hartu, eta horrek dakartzan gastuak ordaindu ezin dituztelako. Kaleko pertsona batek esan zidan, negozioa alokatzen bagenuen, urte betean behintzat errenta kobratuko genuela, baina kontzientziak ez dit hori egiten uzten. Guk lana egin dugu, eta bizitzeko adina badugu, ez ditugu gainontzekoak gaizki ikusi nahi. Galdezka etorri zen batek eskerrak eman zizkigun egia esateagatik.

Azken urtetan negozioa ez dela bideragarria izan aipatu duzu. Zergatik uste duzue izan dela hori?
Faustina Agirre: Usurbilgo Urbil merkatalguneko lurrindegi handiek min asko egin ziguten, garai horretan asko jaitsi baitziren salmentak. Horrez gain, gaur egun interneteko salmenten aurka ere ezin dugu lehiatu lurrindegi txikiek, produkturen bat eskatu eta hurrengo egunean etxean jaso baitezakete herritarrek, prezio oso onean. Egoera horretan oso zaila da negozioa aurrera ateratzea, eta jakin bagenekien erretiratzen ginenean itxi egingo genuela denda. Azken urtetan lurrindegia irekita izan dugu lokala Rosa Marirena zelako, eta ez genuelako errentarik ordaindu behar, bestela ezinezkoa izango litzateke.

Dena dela, garai onak ere ezagutu dituzue. Nolakoa izan zen hasiera?
F.A.: Hasieran Rosa Marik ireki zuen lokalaren zati bat, masaje eta estetika zentroa irekitzeko, eta gero etorri zen lurrindegia.

R.M.A.: Lokal horrek bizitza handia izan du. Aspaldi drogeria izan zela kontatu zidan herritar batek, bolbora ere saltzen omen zuten bertan. Gero bizartegia eta etxebizitza izan zen, eta nik erosi nuenean masaje eta estetika zentroa jarri nuen. Horrela hasi nintzen, eta Faustinari proposatu nion lurrindegia jartzea, estetika zentroaren osagarri modura. Argi genuen dendak funtzionatzen ez bazuen itxi egingo genuela, ez baikenuen buruko minik nahi. Hasieran zalantzak izan genituen. Izan ere, material desberdinetako bitxiak saltzen ere hasi ginen, baina Orion garai hartan bitxiak urrezkoa ez baziren, ez zutela baliorik uste zuten askok; beste pentsamolde bat zen. Testuinguru horretan lurrindegia irekitzera ausartu ginen, eta 33 urte bete ditugu. Gogoan dut, dendan saltzeko lehen produktuak Bartzelonatik ekarri nituela, maleta handi batean sartuta.

F.A.: Abenduaren 24an ireki genuen lurrindegia. Aurreko egunean goizeko seiak arte denda muntatzen eta txukuntzen aritu ginen, eta Rosa Mari Gabon Egunean goizeko zortzietan iritsi zen Oriora Bartzelonatik. Herrira heldu zenean, Don Andresekin topo egin zuen, eta egun horretan bertan denda ireki behar genuela eta bedeinkatzera etortzeko eskatu zion. Ondoren, denoi ohetik jaikiarazi gintuen, eta eguerdian inauguratu genuen denda. 

Hasieran zalantzak bazenituzten ere, 33 urte bete dituzue?
F.A.: 33 urtez zabalik izan da Uraitz lurrindegia, eta pozik gaude egindako lanarekin.

R.M.A: Eskerrak eman nahi dizkiegu oriotarrei, hiru hamarkadetan zehar bidelagun izan ditugulako. Alargun geratu nintzenean, pentsiorik gabe geratu nintzen, eta Uraitz lurrindegiak eta estetika zentroak lana egiteko aukera eman dit; familia aurrera ateratzeko ezinbestekoa izan da niretzat. Zarautzen bizi ginen eta bi umerekin etortzen nintzen Oriora, ikastolara eramaten nituen eta herrian bertan lan egiten nuen; sukaldea genuen lurrindegian, eta han bazkaltzen genuen. Gogoan dut hasieran, udan irabazten nuenarekin pasatzen nuela negua, arrantzaleek bezala. Hala ere, oso babestuta sentitu naiz beti. Orio herri txikia da, denok ezagutzen dugu elkar, eta laguntasun handia sentitu dut herritarrengandik. Egun osoa lanean pasatzen nuen, eta haurrak Goiko Kalean jolasten ari baziren, bizilagunen batek deitzen zidan bertan zirela esanez. Harreman sare horiek oso garrantzitsuak dira.

Asko aldatu al da Orioko merkataritza azken hiru hamarkadetan?
F.A.: Urte onak bizi izan ditugu, baina pixkanaka herritarren ohiturak aldatuz joan dira. Denda handiek eta internetak ez dute gure sektoreak bakarrik eragin, herrian bertan denda asko itxi baitituzte azken urtetan. Arkupe elkartetik ahalegin handia egiten ari gara herriko merkataritza biziberritzeko, eta oriotarrak herrian kontsumitzera kontzientziatzeko.

R.M.A.: Hiru hamarkadatan zehar jendea aldatu egin da, eta horrekin batera ohiturak eta gizartea ere aldatu egin dira. Dena dela, garrantzitsua da tokiak tokiko merkatari txikiek herriaren alde egiten duten lana aitortzea. Gogoan dut, garai batean, guk musika eskolako pianoko gelako giltza eta entseguen zerrenda izaten genuela dendan; herriko haurrak eguerditan entseatzera joaten ziren musika eskolara eta dendatik pasatzen ziren giltzaren bila, ni dendan egoten bainintzen egun osoan zehar. Orain gizartea bestelakoa da. Duela hamabost urte inguru, Parisa egin nuen bidaia batean, lagun batek komentatu zidan betiko denda txikiak desagertzen ari zirela eta horien ordez saltoki handiek hartu zutela indarra. Oso garrantzitsua da beste tokietan gertatzen ari dena kontutan hartzea, askotan urte batzuk beranduago gauza bera gertatu baitaiteke gure inguruan eta. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!