Jokin Uranga: "Orio herri solidarioa da"

Karkara 2019ko urt. 11a, 16:50
Jokin Urangak antolatu ohi du Sahararen aldeko janari bilketa Orion.

Aurten ere Saharako errefuxiatuei janaria eramateko Sahararen aldeko euskal karabana, piztu itxaropena ekimena abiatu dute Euskal Herri mailan. Horren baitan, Orioko Sahararen aldeko elkarteak janari bilketa egingo du herrian. Jokin Uranga da elkarteko arduraduna.

JOKIN URANGA - Orioko Sahararen aldeko elkarteko kidea.

Non egingo duzue janari bilketa?
Orioko Herri Ikastolan eta Zaragueta Eskolan, eta DIA dendan egingo dugu aurten janari bilketa. Horrez gain, urtarrilaren 26an, larunbatarekin, haima jarriko dugu herriko plazan, eta nahi dutenek bertan ere egin ahal izango dute beren ekarpentxoa.

Zer  moduzko harrera izan ohi du kanpainak herrian?
Ona, hamarkada bat baino gehiago daramagu Sahararen aldeko janari bilketa egiten, eta herritarrek ezagutzen dute kanpaina. Jakin badakigu, Gabonen inguruan beste hainbat proiektu solidario babesteko janari bilketak ere egiten direla, eskaera asko dago. Hori kontutan izanda, uste dugu erantzun bikaina izaten dutela oriotarrek, normalean ehun kaxa inguru biltzen baititugu. Orio herri solidarioa da.

Zer bildu nahi duzue?
Aurreko kanpainetan botikak, eskola materiala eta janaria eskatzen genuen, besteak beste. Hala ere, aurtengoan janaria, konpresak eta pixoihalak bildu nahi ditugu, egoera larria dela ikusita, oinarrizko beharrei erantzun behar baitzaie. Izan ere, kanpamentuetako egoerak ez du hobera egin azken urtetan.

Janari bilketaz gain, beste motatako proiektuak abiatzen ari al dira kanpamentuetan?
Gu elkarte txikia gara eta janari bilketa bakarrik antolatzen dugu, baina ezagutzen ditut Mendebaldeko Saharan bertan proiektuak abian jarri dituzten elkarteak. Bertako baldintzak oso gogorrak dira eta barazki eta fruta freskoak lortzea oso zaila izaten da, baina eskualdeko proiektu batek ur-pompa batzuen bidez lur azpiko ura azaleratzea eta horri esker kanpamentuetan baratze txikiak sortzea lortu du. Oso proiektu interesgarria da.

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!