"Jokalarien arteko harremana eta talde izaera indartzen saiatzen gara"

Karkara 2019ko urt. 17a, 18:00

Gazteak izan arren, Laida Urbitartek eta Sara Mujikak Orioko eskubaloi taldearen gidaritza hartu dute denboraldi honetan. Proiektuaren nondik norakoak izan dituzte hizpide oriotarrek.

LAIDA URBITARTE eta SARA MUJIKA - Eskubaloi entrenatzaileak

Nola sortu zitzaizuen eskubaloi entrenatzaile izateko aukera?
Laida Urbitarte: Gaur egun infantil mailako bi talde ditugu Orion, eta bigarren talderako entrenatzaile bila ari zirenean, gu entrenatzaile izan gintezkeela pentsatu zuten arduradunek. Horregatik, aurten infantil mailan jokatzen hasi diren gazteak entrenatzeari ekin diogu.  

Duela urte gutxi sortu zen eskubaloi taldea Orion. Zuek bertan hasi al zineten eskubaloian jokatzen?
L.U.: Nik alebin mailan teknifikazio saioak egin nituen Zarautzen, eta federatu nintzen lehen urtean Orion talderik ez zegoenez, Zarautzen aritu nintzen. Bigarren urtean etorri nintzen Oriora.
Sara Mujika: Ni Orion hasi nintzen eskubaloian, infantil mailako taldea sortu baikenuen duela 3-4 urte.

Infantil mailako gaztetxoekin lan egiten duzue, zertan saiatzen zarete?
S.M.: Adin horietan inportanteena eskubaloirekiko zaletasuna piztea eta kirola erakustea dira. Horrez gain, parte hartzea, jokalarien arteko harremana eta taldea izaera indartzeari ere garrantzi handia ematen diogu. Emaitza bigarren mailan geratzen da.

Orion eskubaloi taldea mantentzeko zailtasunik ba al duzue?
L.U.: Orion arraunak eta futbolak indar handia dute, baina uste dugu herrian eskubaloi taldea sortu genuenetik gero eta gaztetxo gehiago animatzen dela eskubaloian jokatzera, batez ere neskak.
S.M.: Egun infantil mailan bi talde eta alebin mailako eskubaloi eskola ditugu. Tamalez kadete eta jubenil mailan ez gaude taldea osatzeko nahikoa jokalari, eta Zarautzen jokatu behar dugu.
L.U.: Izan ere, Zarauzko elkarteak Euskal Ligan jokatzen du, eta inguruko herrietako jokalaririk onenak hautatzen ditu talderako.

Zuei nondik datorkizue eskubaloiarekiko zaletasuna?
L.U.: Niri familiatik datorkit zaletasuna, gurasoak eskubaloian jokatzen baitzuten. Gainera, nire aita, Aitor Urbitarte, eskubaloi entrenatzailea izan da urte askotan zehar.
S.M.: Nire etxean berriz, arraunlariak izan dira denak, baina eskola kirola ekimenaren barruan kirol desberdinak probatu nituen, eta azkenean eskubaloia aukeratu nuen. Kirol aproposa iruditzen zait, taldeko kirola denez, jokalari guztien lana delako garrantzitsua.
L.U.: Nik jokalarien arteko laguntasuna nabarmenduko nuke. Nik esaterako, lesio larria izan nuen, eta hori gainditzeko ezinbestekoa izan zen taldearen indarra eta babesa.

Taldekideen arteko harremanak lantzeko jarduera berezirik antolatzen al duzue?
L.U.: Aurten Aste Santuko oporraldian Portugalera bidaia egingo dugu, txapelketa bat jokatzeko. Horrelako irteerekin talde izaera lantzen da, eta jokalarien arteko harremanak sendotzen dira. Garrantzitsua iruditzen zaigu, entrenatzen dugun taldean oriotarrez gain, Aiako eta Zarauzko jokalariak ere baditugulako. Guk Orion jokatzen genuenean ere egin genuen mota horretako bidaiaren bat eta oso emaitza onak eman zituen.

Hurrengo urtetan entrenatzaile izaten jarraitzeko asmorik ba al duzue?
S.M.: Oso gustura gaude, eta etorkizunean proiektuarekin jarraitzeko asmoa dugu. Gainera, ez gaude bakarrik, beste bi entrenatzaileek eta Laidaren gurasoek laguntzen baitigute behar dugunean.

Gurasoek aholkuak ematen al dizkizute Laida?
L.U.: Aitak zenbait aholku ematen dizkit, eta entzuten diot, baina ez diot nire kontuetan gehiegi sartzen uzten. Izan ere, aitaren aholkuak pertsonalki hartzen ditut.Dena dela, beste entrenatzaileen iritziak ere entzuten ditut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!