Gizon bat atxilotu dute Orion, gasolindegi batean iruzur egiteagatik

Karkara 2019ko urt. 21a, 12:21

37 urteko gizonari iruzur delitua eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua eta desobedientzia larria leporatu dizkiote.

Ertzaintzak 37 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo goizaldean Orion, Usurbilgo gasolindegi batetik ordaindu gabe alde egiteagatik. Izan ere, Aritzeta zerbitzuguneko gasolindegi batean 44 euro erregaia hartu zuen gizonak eta ordaindu gabe alde egin zuen. Gasolindegiko arduradunek Trafikoko Unitateko patruila bati eman zioten gertatutakoaren berri, eta agenteek atzetik jarraitu zioten, Orioko ordainlekuan, autobidetik irtetera zihoanean, geldiarazi zuten arte. 

Ertzaintzatik jakinarazi dute, atxilotuak jarrera oldarkorra izan zuela agenteekin identifikatzerakoan, eta menderatu egin behar izan zutela. Horregatik, iruzur delitua eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua eta desobedientzia larria leporatu dizkiote.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!