"Fisikoki errekuperatu egin behar dut, baina teknikarik ez dut galdu etenaldi honetan"

Karkara 2019ko ots. 1a, 09:45
Eneko Eizagirre judoka.

Sorbaldako lesio baten ondorioz, urtebete pasa du Eneko Eizagirre judokak txapelketetatik kanpo. Ikasturte hasierarekin batera tatamietara bueltatu da oriotarra.

ENEKO EIZAGIRRE - Judoka

Espainia mailako Kopako jardunaldian urrezko domina irabazi duzu urtarrilean. Garrantzitsua izan al da garaipena zuretzat?
Bai, Espainiako Txapelketa jokatu ahal izateko sailkatu egin behar da, eta horretarako bi bide daude. Alde batetik, Espainia mailan jokatzen diren Kopa desberdinetan parte hartu daiteke. Horietan lortzen diren emaitzen arabera judoken sailkapen bat egiten dute, eta hiru onenek Espainiako Txapelketa jokatzeko txartela lortzen dute. Bestetik, lurraldeka antolatzen diren txapelketak irabaziz ere iritsi daiteke Espainiako Txapelketara. Adibidez, nik Gipuzkoakoa irabazi dut duela egun gutxi eta Euskadikoa jokatzeko sailkatu naiz. Bertan Espainia Iparraldeko Sektoreko txapelketan parte hartzeko txartela lortu dezaket, eta azken horretako bi judoka onenek Espainiako Txapelketa jokatuko dute. Ni aipatu ditudan bi bideak jorratzen ari naiz, Espainiako Txapelketara iritsi ahal izateko.

Inoiz iritsi al zara Espainiako Txapelketara?
Bai. Duela bi urte bi Espainiako Txapelketa jokatu nituen, bat 18 urte azpikoa eta bestea 21 urte azpikoa. Iaz ere ondo hasi nuen denboraldia; Iparraldeko Sektoreko txapelketa jokatzeko sailkatu nintzen, baina sorbaldan min hartu nuen eta ebakuntza egin behar izan zidaten. Bederatzi hilabete egon naiz kirolik egin gabe eta urtebete txapelketetan parte hartu gabe. Irailean hasi nintzen berriz ere entrenatzen, eta martxa hartzen ari naiz oraindik.

Zer moduz sentitzen zara orain?
Fisikoki errekuperatu egin behar dut, baina teknikarik ez dut galdu etenaldi honetan. Hala ere, nire onenean ez nagoela jakin badakit, eta presio gutxiago daukat.

Espainiako Txapelketa jokatu ahal izateko, zein da prestaketa maila?
Teknikaz gain, indarra, abiadura eta intentsitatea landu behar dira. Judo borrokaldi batek 4-5 minutu irauten ditu, baina minutu horiek oso biziak dira. Gainera, gaur egun ehun kilo azpiko kategorian jokatzen dut, eta ehun kiloko pertsona bat mugitzeko indar handia behar da. Ez dut ezagutzen Espainiako txapeldunik bost egun baino gutxiago entrenatzen dituenik. Dena dela, nik orain kanpoan ikasten dut eta ezin dut nahi bezain beste entrenatu.  

Urtebete txapelketetatik kanpo egon ondoren Katalunian lortutako garaipena ezustekoa izan al zen?
Nik lehen beste kategoria batean jokatzen nuen. Lesioaren ondorioz, pisua hartu dut eta ez nekien nola moldatuko nintzen ehun kilo azpiko kategorian. Horrez gain, jakin banekien fisikoki zailtasunak izango nituela lau-bost minutuko borrokaldiari eusteko, horregatik borrokaldia ahal den azkarrena amaitzera atera nintzen. Zortea izan nuen, ondo atera zitzaidan estrategia, eta urrezko domina irabazi nuen. Ia urtebete kirolik egin gabe egon ondoren, emozio handia sentitu nuen txapelketa irabazita, oso urte zaila izan baita 2018a.

Espainiako Txapelketa iristeko aukerarik ikusten al duzu?
Aurten ez ditut helburu handiak markatu nahi. Aurtengo txapelketa guztiak ondo pasatzeko eta minik ez hartzeko helburuarekin jokatu ditut, eta zailtasunak zailtasun emaitza txukunak lortzen ari naiz. Aurreko urtetan, domina lortzeko aukera gehiago nituela sentitzen nuen, baina nire buruari sartutako presioaren eraginez, urduritasunak hartu ninduen, eta ez nituen txapelketa onak egin. Amak beti esan izan dit judoaz disfrutatzeko atera behar dudala tatamira, eta azken urtetako gorabeherak ikusita, arrazoi zuela konturatu naiz. 

Bestalde, aipatu nahiko nuke, txapelketak galdu edo irabazi, nire ametsa Orion judo talde iraunkorra izatea dela. Haurrek judoan ikasten dute Karela kiroldegian, baina Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara iristen direnean gehienek utzi egiten dute. Horregatik, gustatuko litzaidake herrian judo talde bat izatea, nahi dutenek kirolarekin jarraitu dezaten. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!