Espetxe zigorra eta 4,5 milioi euroko isuna ezarri diote 2013an tabako kontrabandoan atzeman zuten taldeari

Karkara 2019ko ots. 5a, 10:37
'White Eagle' izeneko atoiontziaren bidez garraiatzen zuten tabakoa legez kanpo. (Zerga Administrazioko Estatu Agentzia)

Taldea Euskal Herrian finkatua zegoen, tartean ziren Orioko hainbat bizilagun ere, eta Europatik kanpo eskuratutako tabakoa kontrabandoan sartzen zuten Britainia Handian, Irlandan eta Espainian.

Zerga Administrazioko Estatu Agentziak tabako kontrabandorako talde bat desegin zuen 2013ko abenduan. Taldea Euskal Herrian finkatua zegoen, tartean ziren Orioko hainbat bizilagun, eta Europatik kanpo eskuratutako tabakoa kontrabandoan sartzen zuten Britainia Handian, Irlandan eta Espainian. Efe agentziak jakinarazi duenez, auziaren epaiketa egin da azken astetan, eta epaituek onartu egin dituzte leporatzen zaizkien karguak, tabako kontrabandoa eta talde kriminal bateko kide izatea, hain zuzen ere. 3-4 urteko espetxe zigorra ezarri die epaileak eta 4,5 milioi euroko isun ekonomikoa ordaintzea onartu dute, konfiskatu zieten tabakoa 5 milioi eurotan baloratuta zegoela kontutan hartuta. Dagoeneko aurreratu dute milioi bat euro. 

Menorcan geldiarazi zuten White Eagle atoiontzia 2013ko abenduaren 5ean 350.000 tabako kaxa –1,4 milioi eurotan baloratua– ontziz aldatu nahian ari zirela. Dena dela, epaiketan fiskaltzak nabarmendu du 2012 eta 2013 urteetan gutxienez bost bidaia egin zituztela tabakoa legez kontra garraiatuz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!