"Askok ez dute ulertzen zergatik utzi diogun plastikozko poltsak erabiltzeari"

Karkara 2019ko ots. 6a, 16:21

Orioko Gozategi fruta-dendak plastikozko poltsen kontsumoa murrizteko neurria jarri du martxan, eta ekimenak bezeroen artean izan duen erantzuna izan du hizpide Jose Manuel Gozategik.

JOSE MANUEL GOZATEGI - Gozategi fruta dendako arduraduna

Zergatik erabaki duzue plastikozko poltsak ez erabiltzea?
Plastikozko poltsak oso kaltegarriak dira ingurumenarentzat, askok itsasoan bukatzen dute gainera. Gaiarekin kontzientziatuta nago, eta plastikozko poltsak ez erabiltzea erabaki nuen, arazoari irtenbide emateko gure esku dagoen guztia egiteko.

Pasa den urtean dendarien plastikozko poltsak kobratu behar dituztela dioen legea jarri zuten indarrean. Horrek eraginik izan al du zure erabakian?
Ez, lege hori indarrean jarri zenetik poltsen kontsumoa murriztu egin da, baina oro har herritarrek poltsa eskatzen jarraitzen zuten. Egia da lehen doan ematen zirenean gehiago erabiltzen zirela, baina neurriak herritarrak ez ditu kontzientziatu.

Beraz, aurrera pausoa ematea erabaki duzu?
Bai, tamaina desberdinetako otarrak jarri ditugu dendan eskura, eta herritarrek erosketa egiten duten bitartean zuzenean bertan sartu ditzakete barazkiak eta fruta. Paperezko zorroak ere baditugu produktu apurkorrentzat, baina mostradorearen atzean izaten ditugu, eta norbaitek behar baditu saltzaileari eskatu behar dizkio.

Zer moduzko harrera izan du ekimenak?
Denetariko iritziak entzun ditut, baina oso zaila da jendearen ohiturak aldatzea, eta askok ez dute ulertzen zergatik utzi diogun plastikozko poltsak erabiltzeari. Uste dute birziklatzearekin nahikoa dela, eta zenbait eztabaidan ere hasi zaizkit dendan, poltsa emateko esanez. Neurria poltsetan dirua aurrezteagatik abiatu dugula pentsatzen dutenak ere badira, baina ez da horrela, poltsa horiek kaltegarriak bezain merkeak baitira. Horrez gain, izan dira paperezko poltsak eskaintzeko proposatu digutenak ere, baina uste dugu ez dela bidea, arazoa ez baita konpontzen paperaren kontsumoa handituz.

Herritarrek ba al dute norbere oihalezko poltsarekin erosketa egiteko ohiturarik?
Zenbaitek bai, baina erosketa egiteko modua asko aldatu da azken hamarkadetan. Orain jendea kalera ateratzen da, eta bitartean erosketak egiteko aprobetxatzen du. Garai batean berriz, espresuki erosketa egitera ateratzen zen jendea, eta horretarako kapazua, otarra edo orga ekartzen zuten etxetik.

Ekimenarekin aurrera jarraitzeko asmorik ba al duzu?
Gurea da plastikozko poltsak erabiltzeari utzi dion lehen denda Orion, baina jakin badakigu asko kostatzen dela bezeroen ohiturak aldatzea. Lehenengo hilabetetan haserreak ere egon daitezke, baina pentsatzen dut pixkanaka lortuko dugula kontsumo ohiturak aldatzea. Dena dela, esan behar dut bezero guztiek ez dutela ekimenarekiko jarrera ezkorra izan, hasieratik neurria gogo onez hartu dutenak ere badira-eta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!