Suak eramandakoak

Karkara 2019ko ots. 23a, 10:30

Orioko herriak hainbat sute bizi izan ditu azken bi mendeetan. Urte desberdinetan emanda ere, martxoan izan ziren bi entzutetsuenak: udaletxea erre zenekoa, 1965ean, eta Thalassa enpresa sugarrek hartu zutenekoa, 2010ean.

Sua ederra da etxeko sutondoan. Baina etxe osoaz jabetzen denean, drama bihurtzen da. Garai batean nahi baino sarriago gertatzen zen hori. Horrelakoetan, herritar asko batzen zen auzolanean sua itzaltzeko lanetan, elizako su-kanpaiek deituta, kanpai-hots bereziak baitzeuden suaren abisua emateko: din-din-din, dan-dan-dan. Izua eragiten zioten kanpaikadek zenbait herritarri. Orion suak kiskali zituenak oroituko ditugu.


Udaletxea sutan
Sute sonatuena Orion udaletxea erre zuena izan zen. Herritar askori betiko iltzatuta geratu zitzaion kanpaien kadentzia dramatiko hura 1965eko martxoaren 10ean (asteazkena).

Egun hartan hego haizea zebilen, oso egun haizetsua zen. Arratsaldeko seiak aldean sua piztu zen. Ni Goiko Kalen bizi izan naiz betidanik, eta gogoan dut sekulako kea ikusten nuela gure etxetik, kontatzen du Angel Solabarrieta Orioko bizilagunak.  Badirudi udaletxean zegoen nesken eskolan hasi zela, hango kalefakzioa itzaltzea ahaztuta.

Berehala jabetu ginen inguruko bizilagunak, eta su-kanpaiak jotzen hasita, herritar asko batu ginen suaren kontra, jendeak beren etxeetatik baldeak hartu eta denak batera ahal genuena egin genuen. Bizpahiru pertsona teilatura igo ginen mangera batekin, suhiltzaileak etorri arte. Bi ordu igaro ziren haiek etorri arte! , gogora ekartzen du Solabarrietak.

Momentu dramatikoak bizi izan ziren.  Baina Narciso Idigorasekin suari aurre nola egin zioten harro kontatzen du Anjel Solabarrietak: Idigoras igeltseroa zen eta ni neu ere ohituta nengoen etxeko teilatuan ibiltzen eta hura konpontzen. Salbamendu titulua aterata nuen, eta hori ere lagungarri izan zitzaidan suteari aurre egiteko garaian.

 Denen ahaleginari esker, artxiboko agiri asko salbatu zituzten sugarretatik, eta arraunean irabazitako banderak eta kopak ere bai; baina beste agiri asko galdu egin ziren betiko.

Udalak martxoaren 16ko ohiko udalbatzarrean sutearen gaia aztertu zuen. Batzar hartan heroikotzat jo zuten hiru herritarrek sute hartan izandako jokaera: Francisco Uranga Izeta, Anjel Solabarrieta Etxezarreta eta Antonio Aduriz Urdangarinena. Haien alde ohorezko aipamena egitea erabaki zuten, aho batez.
Suak erretako udaletxea bota eta haren ordez 1974ko martxoaren 9an inauguratu zuten udaletxe berria; eta zutik egon zen urteetan, Euskal Herriak izan duen itsusiena izan zen.

Bitxikeria moduan, Jorge Oteizak behin ondorengoa esan omen zuen: udaletxe hura bota arte ez zela gehiago herrira etorriko.

'Arin y Enbil' altzari-fabrika kiskalita
Udaletxea bezala kiskalita geratu zen, hiru urte eta erdi geroago, Arin y Enbil altzari-fabrika zaharra, herriko zaharrena, 1887an altxatua. 1968ko abenduaren 24an, Olentzerok ez zion opari onik ekarri Arin y Enbil lantegiari; ez zion ikatzik ekarri, sua baizik.

Jose Luis Arin, oraingo nagusiak ezer gutxi omen daki, ordukoaz, baina gogoan du arratsean ondo itzali gabe utzitako zigarro batek ekarri zuela su hura. Goizaldean sugarrek hartu zuten fabrika eta, ordu gutxitan, han tximinia bakarrik geratu zen zutik.

Hilabete batzuetara beste bat altxatu zuten, oraingoa. Enbil familiako senide batek kontatu zuenez, Jorge Oteiza fabrikan sartu zen, sutan zegoela, handik Bittor Enbilen brontzezko irudia ateratzera, orain plazatik elizarako aldapan dagoena. Irudia Jorgek bere osaba Bitorri egina zen.

Orioko azken sute handia, Thalassa fabrika
2010eko martxoan ekarri zuten egunkariek Orioko azken sute handiaren albistea. Sutea martxoaren 1ean gertatu zen, astelehenarekin. Errioaren beste aldean arraun klubaren ondoan zegoen Thalassa enpresa ia osorik kiskali zuen sute ikaragarriak. Arratsaldeko bostak inguru ziren, eta lau suhiltzaile geunden Zarauzko egoitzan, guardian. Ke beltz-beltza ikusten genuen Orio aldetik, eta lehenbailehen hara joan ginen. Sutea jada izugarria zen, ez genekien zauriturik zegoen, Ertzain batek esan zigun arraun kluba zela... dena konfusioa izan zen hasieran, dio Iñigo Arruti Txabolak. 25  urte daramatza suhiltzaile lanean, eta aitortzen du bere ibilbide profesionalean gutxitan ikusi duela halako sute bat. Badirudi langile batek istripu bat izan zuela, berotzeko soplete batekin zebilela, dirudienez erregai bat ukitu zuen eta leherketa bat eman zen. Hortik aurrera sutea berehala zabaldu zen.

Yateak konpondu, zaindu eta saltzen zituen Thalassa enpresan piztu zen sua, berehala zabaldu zen itsatsita zegoen Futurquímicara, garbiketarako produktuak fabrikatzen dituen enpresara, eta pabilioi guztira, Arrutik dioenez. Nire lankide den suhiltzaile batek txalupa bat du Orion, eta behin baino gehiagotan ohartarazi zion Thalassako enkargatuari bertako materiala errekorra zela, eta espazio bakoitza ixtea komeni  zela, sute bat gertatuz gero, fabrika guztia berehala erreko zela bestela. Eta hala gertatu zen. Salbatu ziren bakarrak izan ziren aparteko erakusketa gela batean zeuden yate eta ontzi berriak, eta goiko bulegoa, hori ere aparteko gela bezala ondo itxita baitzegoen.Guztira 25 bat suhiltzaile izan ziren 24 orduz buru-belarri lanean, geratu gabe, sua itzaltzeko lanetan. Oso nekeza eta gogora izan zela dio Arruti Txabolak.

Istripuak diru-galera handiak eragin zituen bietan. Thalassako pabiloi osoa eta 50 bat ontzi ezereztu zituen. Bost bakarrik atera ziren kaltetu gabe suaren garretatik. 2.000 metro koadroko enpresak 60 urte zeramatzan lanean Orion.

Kalterik handiena hala ere hango langile bati ekarri zion, 48 urteko Jesus Arruti oriotarrari, erredurak izan zituen aurpegian, eskuetan eta hanketan. Anbulantzia batek Orioko futbol zelaira eraman zuen larri zauritua, eta handik helikopteroz Bilboko Gurutzeta ospitalera, erredura handietako unitatera. Suak hartutako enpresen ondoko Urgain etxeko bizilagunek hustu egin behar izan zuten etxea, badaezpada, sugarrak etxeraino iristeko arriskua zutelako.

Suak eramandakoak ez zuen momentuan  konponbiderik izan. Baina oriotar eta inguruko herritar askoren lanak ezinbestekoak izan ziren suaren garrek txikizio handiagoa egin ez zezaten. Anton Enea okindegia, Katxiña, Benta baserriak –Benta, bi aldiz–, edota Orio eta Igeldo arteko mendiak suak hartu zituenean, herritarrak bertan egon ziren, suari aurre egiten; une oro hankak lurrean, eta bihotzean borondate onena zutela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!