Herritar batek portu inguruan azaltzen diren ur zikinen gaineko azalpenak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari

Karkara 2019ko ots. 25a, 12:30

Otsailaren 11n Orion, autopista azpian, ateratako argazkia.

Antza denez, zenbait egunetan ur zikinak aurkitu daitezke Oriako itsasadarrean, portu inguruan.

Zenbait egunetan Oriako itsasadarrean azaltzen diren ur zikinekin kezkatuta, otsaila hasieran oriotar batek Eusko Jaurlaritzako Euskadi.eus webguneko Zuzenean herritarren arreta-zerbitzuaren atalean galdetu zuen, ea zein protokolo erabiltzen duen Portu Zuzendaritzak Getariako, Zumaiako eta Orioko portuetako arranplak eta eskailerak garbitzeko.

Eusko Jaurlaritzako Portu zuzendaritzak zalantza argitzeko azalpenak eman ditu gaiaren inguruan, eta azaldu du hilean behin garbitzen direla gune horiek marea behean dagoenean, ahal bada marea bizien garaian, hain zuzen ere. "Modu horretan normalean ur azpian geratzen diren zatiak ere garbitu ahal izaten dira". Bestalde, nabarmendu dute, uda garaian maiztasun handiagoarekin garbitzen direla portuetako arranplak eta eskailerak, itsasaldean eta kostaldean jarduera handiagoa egon ohi delako.

Bukatzeko, zehaztu dute portuak garbitzeko erabiltzen den produktua Eliver izenekoa dela, eta portu zuzendaritzak baimentzen duen moduan, langileek produktua %20 disolbatzen dutela urarekin garbiketa lanak egiteko.