Denboraldiko lehen antxoa harrapatu dute arrantzaleek

Karkara 2019ko mar. 5a, 18:00

Prezioari dagokionez, sasoiko lehen antxoa bentan "merke" saldu zutela uste dute arrantzaleek.

Euskal kostaldeko arrantzaleek abiatu dute antxoaren kanpaina, eta itxaropentsu daude. Izan ere, pasa den astean hasi zuten arrantza sasoia eskualdeko baxurako itsasontziek, eta lehen egunetan Frantziako kostaldean sardina harrapatzen jardun baziren ere, ostiralean ezusteko atsegina izan zuten; antxoa topatu baitzuten kostaldean, etxetik gertu.

Prezioari dagokionez, sasoiko lehen antxoa bentan "merke" saldu zutela, aitortu du Orioko kofradiako presidente Jon Mujikak. Bizkaiko Golko guztian arrantzatu zuten antxoa, eta horrek prezioen beheraka eragin zuela azaldu dute arrantzaleek. "Salmentarako egun txarra izan zen ostirala. Ez dakigu zehazki zer gertatu zen, baina uste dugu merkatua gainezka zegoela, Portugaldik ere arraina ekarri zutelako bezperan". 

Asteburua lehorrean pasa ondoren, atzo atera ziren itsasora arrantzaleak, baina ez zuten antxoarik topatu. Horregatik, gaur Kantabria aldera abiatu dira, Santoña ingurura.

Itsasoan ekaitza
Mujikaren esanetan, azken urtetan nahiko ohikoa da martxoaren hasierarako antxoa topatzea kostaldean; hala ere, "gustura" daude aurtengo kanpainaren hasierarekin. "Lehen egunetan antxoa ikusteak itxaropena pizten du, kanpaina ona izango dela ematen du hasiera batean". Dena dela, kofradiako presidenteak argi utzi du, beste hainbat faktoreek ere eragiten dutela sektorean, eguraldiak esaterako. "Otsailean oso eguraldi ona egin du, baina badirudi bi-hiru denborale datozela elkarren segidan eta horrek baldintzatu egingo du gure lana. Hurrengo egunetan kostaldetik gertu ibili beharko dugu, itsasoan barrurago joanez gero arrantzarako baldintza zailak daudelako, haizea eta itsaso zakar ditugu-eta".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!