Martxoaren 8an

"Orioko belaunaldi desberdinetako emakumeok elkarlanean antolatu dugu Greba Feminista"

Xaltxerak talde feministako kide Aizpea Esnaola eta Miriam Garcia.

Martxoaren 8an, ostiralean, Greba Feministarekin bat egingo dute Aiako eta Orioko hainbat emakumek. Egun horretarako hainbat ekimen antolatu dituzte herriko emakumeek elkarlanean.

AIZPEA ESNAOLA ETA MIRIAM GARCIA - Xaltxerak tade feministako kideak

Zer aldarrikatuko duzue martxoaren 8ko Greba Feministan?
AIZPEA ESNAOLA: Bizitzak erdigunera da aurtengo leloa, eta bost ardatzetan oinarrituko dugu greba: pentsionistak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumoa. Nagusiki gizartean zaintza lanek duten garrantzia azpimarratu nahi izan dugu aurten. Izan ere, etxeko eta zaintzarekin lotutako lanak ez ditu aitortzen sistemak, eta guk horiek agerian jarri nahi izan ditugu.

Martxoaren 8ko Greba Feminista antolatzeko zer motatako lanketa egin duzue herrian?
MIRIAM GARCIA: Iaz xaltxerek bakarrik antolatu genituen martxoaren 8ko ekimenak, eta aurtengo helburua herritarrek ere antolakuntzan parte hartzea izan da. Horretarako batzar irekiak egin ditugu herriko emakumeekin.

Zaila izan al da emakumeak erakartzea?
A. E.: Beti iruditu zaigu oso zaila herriko emakumeak mota honetako ekimenetara erakartzea. Hala ere, gustura gaude aurten jende berria bildu delako batzarretan, eta etorri direnak elkarlanerako gogoz etorri direlako.
M.G.: Uste dugu pasa den urteko manifestazioak Orioko emakumeen artean izan zuen erantzun paregabe ikusita, aurten aldarrikapenerako gogoz zeudela hainbat herritar.

Pasa den urteko manifestazioa inflexio-puntua izan al zen Xaltxerak taldearentzat?
A.E.: Ez genuen horrelako erantzunik espero, eta lanean jarraitzeko indarra eman zigun horrek. Aurten askoz lehenago hasi gara Greba Feministako egitaraua prestatzen, baina ohartu gara zaila dela antolakuntza parte-hartzeko herritarren konpromisoa lortzea. 

Emakumeak gero eta kontzientziatuagoak al daude gaiarekin?
A.E.: Guk uste genuen, gazteak animatuko zirela nagusiki Greba Feminista antolatzera, baina ezustekoa hartu dugu, emakume helduen erantzuna askoz hobea izan baita. Orain arte arlo hau jorratu ez duten emakumeak pankartak margotzen eta horiek kaletan jartzen aritu dira. Oso aberasgarria izan da elkarlana denontzat.
M.G.: Bat nator Aizpeak aipatu duenarekin. Hasiera batean deialdia gazte jendearengana bideratuta zegoen. Pena eman digu, gazteena iritsi ez izanak, baina, era berean pozik gaude, Greba Feminista belaunaldi desberdinetako emakumeok elkarlanean antolatu dugulako. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!