Juan Jose Loidiren sagrarioa, aldare ondoan

Karkara 2019ko mar. 10a, 13:53

Sagrario berria inauguratu zuten pasa den igandean Orioko elizan, martxoko lehen igandeko meza nagusian. Arte-lan hori Juan Jose Loidik egin zuen, Unai Manterola apaizaren enkarguz. Orain dela 11 hilabete zendu zen artista oriotarra; bere omenez aldare ondoan ipini da sagrarioa.

Sagrario berria inauguratu zen joan den martxoaren 3an Orioko elizan, hileko lehen igandeko meza nagusian. Sagrarioa Juan Jose Loidik egina da. Iñaki Iturainek KARKARAri adierazi bezala, Orioko elizan lehendik ere badaude Loidik egurrean egindako bi irudi: Kristo gurutzean eta Kristo hilobiratua.

Lehenengoa hamazapi urte zituela egin zuen, 1947an; bigarrena 21ekin, 1951n. Loidiren elizako trilogia osatu duen sagrarioa ere gazte zela hasi zuen, orain 60 urte inguru, baina garai hartan ezkondu, familia ekarri, lanean hasi eta ezin izan zuen bukatu, azaldu du Iturainek. Orain dela hiru bat urte ekin zion berriz sagrarioa bukatzeari, oraingo bikario Unai Manterolak eskatuta. Ez zen iritsi guztiz bukatzera. Heriok eraman zuen orain 11 hilabete, 1930ean Orion jaiotako gizona.

Geroztik Juan Jose Loidiren beste lagun batzuek hartu dute lana bukatzeko ardura: Salba Iruretagoiena, Donato Intxauspe, Jesus Mari Perona eta Santi Loidi, besteak beste.

Sagrarioa zurezkoa da, intxaur eta gorostiaren zurarekin egina; pieza horren inauguraziorako elizan elkartu ziren adituek esan zutenez, lanak atzean artisautza-lan handia du eta artista handi baten eskuek egina da: arte-lana. Igandeko meza nagusiak bukaera berezia izan zuen, eliztarren Loidirentzako txaloekin amaitu zen, apaizak esker onez harentzat eskatutako esku-zartadekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!