Ligako lehen jardunaldia galdu egin du OBBk

Karkara 2019ko mar. 12a, 12:00
OBBren partida Rivas taldearen aurka; ligako lehen partida. (OBB)

Datorren asteburuan, OBB taldeak etxean jokatuko du jardunaldia, eta Bartzelonako Sant Boi taldea izango du aurkari.

 

Pasaden igandean Orioko Bate Bizkorrak sofbol taldeak ligako lehen partida jokatu zuen. Lehen hitzordua Madrilen izan zuten oriotarrek, eta Rivas taldea izan zuten aurkari. OBBko kideen azaldu dutenez, "indarberrituta abiatu du denboraldia Rivas taldeak, eta liga irabazteko jokalari berriak ekarri dituzte madrildarrek".

Jardunaldi bakoitzean bi partida jokatzen dituzte softbol taldeek, eta lehen norgehiagoka ez zuten batere ondo hasi oriotarrek; izan ere, lehenengo sarreratik 2-0 galtzen hasi zen OBB. Oriotarrek partida 7-0 emaitzarekin galdu bazuten ere, Igone Etxeberria jaurtitzaile oriotarraren lana nabarmendu dute taldetik.

Egoera ez zen gehiegi aldatu bigarren partidan. OBBk lasterketa bat egitea lortu zuen Uxua Modregori esker, baina madrildarrek azkar berdindu zuten partida. Horrez gain, partidan zehar oriotarrek defentsen egindako hainbat akatsengatik, Rivasek aurre hartu zuen markagailuan, eta 11-1 emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka. "Hala ere, aipatzekoa da lehenengo jokoan Carla Novellak bateatzen eta defentsan egindako lanak, eta bigarrenean, Uxua Modrego  bateatzen egindakoa.

Datorren asteburuan, OBBkoek etxean izango dute jardunaldia, eta  Bartzelonako Sant Boi taldea izango dute aurkari.

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!