Iñaki Azkue eta Naroa Villagran "Talento Gastro" sarietako irabazleen artean

Karkara 2019ko mar. 13a, 16:48

Arrakasta handia ari da izaten Iñaki Azkueren "El Vaskito" jatetxea.

Basque Culinary Center fundazioak, Gipuzkoako Ostalari Elkartearen laguntzaz, 40 urtez azpiko gastronomiako profesionalen lanak aitortu zituen, iaz, lehen aldiz. Aurtengo Talento Gastro 2019 bigarren edizioa izan da.

Atzo izan zen sari banaketa, Donostiako Maria Cristina hotelean. Modalitate desberdinetako sariak banatu zituzten bertan. Epaimahaia, gastronomiako profesionalek, sarien babesleek, kritikariek eta kazetariek osatu dute. Besteak beste, Elena Arzak, Martin Berasategi eta David de Jorge sukaldariak, eta Basque Culinary Center fundazioko zuzendaritzako kide den Idoia Calleja izan dira tartean.

Iñaki Azkuek, talentu ekintzailearen saria irabazi du, Donostian ireki duen El Vaskito jatetxearekin. Orain dela urte eta erdi amaitu zituen sukaldaritza ikasketak Basque Culinary Centerren eta lehen saria irabazi du jada.

San Martin Erretegiko Naroa Villagran-ek, berriz, jangelako atentzio onenaren saria irabazi du, gurasoek orain zazpi urte erreleboan eman zien jatetxeko lanari esker.

Bestetik, Aiako Izeta erretegiko Gotzon Iruretagoiena, parrillero onenaren saria lortzeko hautagaien artean egon da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!