Aitor Sarasua gogoan, VHL sindromearen ikerketa bultzatzea helburu

Karkara 2019ko mar. 14a, 14:30
Almen ikastetxeko bertso eskolakoak izandako hainbat kide; besteak beste, Aitor –goian, ezkerrean–. (Argazkia: Bertsolari Aldizkaria./Iturria: Goiena)

'Hegotik Iparrerantz' izenarekin Aitor Sarasua bertsolariaren ibilbidea oinarri izango duen ikuskizuna antolatu dute larunbaterako Aretxabaletan. Von Hippel Lindau sindromearen ikerketari bultzada eman nahi diote jasoko duten diruarekin.

Gaixoaldi luze baten ondoren hil zen Aitor Sarasua bertsolaria, Von Hippel Lindau sindromeak eragindako gaixoaldia. Ezaugarri genetikoek sortutako gaitza da, gorputzean hainbat tumoreren hazkundea eragiten duena. 36.000 pertsonaren artean bakarrari eragiten dio sindrome horrek, eta horregatik egiten du bere detekzioa eta tratamendua hain zail, oso gutxi ikertu delako gaitzaren inguruan. 

Larunbatean, pasa den azaroaren 14an hil zen Aitor Sarasua Maritxalar izango dute gogoan (Aretxabaleta, 1967) jaioterrian bertan. Hegotik Iparrerantz ikuskizunak bertsolariak egindako ibilbidea izango du oinarri. "Habia asko izan zituen bidaiari ekin zion. Hegotik iparrerantz. Eta bidaian izan zen oztopo eta kontrako haizerik…", diote jaialdiaren antolatzaileek. 

Ikuskizuna Ibarra kiroldegian izango da, larunbatean, 18:00etan. Sarrerak dagoeneko salgai daude Arkupe kultura etxean, 5 euroren truke.

Jarraitu irakurtzen

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!