Orion ere saskibaloian murgilduta

Karkara 2019ko mar. 20a, 18:00
ZASTeko kide Aitzol Eguzkiza eta Unai Eizagirre.

ZAST Zarauzko Kirol Elkartearen saskibaloi saila bada ere, Urola Kostako gainontzeko herrietan saskibaloia bultzatzea ere badu helburu. ZASTek urteak daramatza saskibaloia oriotarrei gerturatzen.

Orioko saskibaloia sasoi betean dago. Gaur egun hainbat talde dituzte herrian, Zarauzko Saskibaloi Taldearekin lankidetzan. Alde batetik, infantil mailako nesken taldean eta kadete mailako mutilenean jokalari guztiak oriotarrak dira. Bestetik, beste hainbat taldetan jokalarien erdia dira oriotarrak, eta gutxienez entrenamendu bat herrian bertan egiten dute.

Horrez gain, saskibaloi eskola ere bada Orion. "Bertan, oraindik kirol federatuan murgildu ez diren gaztetxoei saskibaloian jokatzen erakusten diegu. Ikasturtean zehar, astean saio bat egiten dugu saskibaloi hastapena egin nahi duten haurrei zuzendua, Lehen Hezkuntza 3. mailatik 6. mailara arteko ikasleekin", azaldu du Unai Eizagirre taldeko kideak. Gainera, oporraldietan ere saio bereziak antolatzen dituzte.

Saskibaloi Eskola
ZAST-Orioko kideek uste dute Saskibaloi Eskola emaitza ona ematen ari dela herrian. "Saskibaloi Eskolara etortzen direnek kirolarekiko interesa izaten dute, eta motibatuta etortzen dira". Finean, eskolaren helburua gaztetxoek saskibaloian jokatzen disfrutatzea da. "Modu horretan, gaztetxoen artean kirolerako grina sortzea errazagoa delako. Datu zehatzak ez baditugu ere, uste dugu Saskibaloi Eskola sortu zenetik, Orioko haur eta gazte gehiago animatzen dela infantiletatik aurrera saskibaloi federatuan jokatzera", azaldu du Aitzol Eguzkizak. "Ni Saskibaloi Eskolako irakaslea izan nintzen duela urte batzuk Orion, eta entrenatu nituen haur batzuk gaur egun ZAST-n jubenilen taldean jokatzen dute. Pozgarria da saskibaloian aurrera jarraitu dutela, eta elkarteko kide direla ikustea".

ZAST taldeko senior mailan ere badabiltza laupabost oriotar, Unai Eizagirre eta Aitzol Eguzkiza bera esaterako. "ZAST taldeko kide gara, eta Zarautzen egiten ditugu entrenamenduak, nahiko ordutegi aldrebesean. Zarauztarra naiz izatez, baina asko gustatuko litzaidake Orion ere entrenamenduren bat egitea". Dena dela, jakin badaki oso zaila dela hori gertatzea. "Orion kirol talde mordoa ditugu, eta azpiegitura eskaintza mugatua da. Kiroldegiko kantxa arratsaldeko lehen ordutik itxi arte hartuta egon ohi da, eta oso zaila da entrenatzeko tarte bat aurkitzea. Ez da Orioko arazoa soilik, Zarautzen ere gauza bera gertatzen baita. Guk esaterako 21:00etan hasten ditugu entrenamenduak beste ordutegi librerik ez dagoelako".

Kirol eskaintza zabala
ZAST-Orioko kideei zaila iruditzen zaie etorkizun hurbilean Orion adin guztietako saskibaloi talde egonkorrak izatea. "Gaur egun kirol eskaintza zabala dugu herrian. Arraunak eta futbolak kategoria eskilara osatu ahal izateko gutxieneko gazte kopurua bildu ohi dute, herrian pisu handia duten kirolak direlako. Gainontzekook berriz, gora-beherak izaten ditugu, askotan belaunaldiaren araberakoa izaten delako kirol hautua. Belaundaldi batek saskibaloia aukeratu dezakete, baina agian urtebete gazteagoek edo nagusiagoek beste kirolen bat nahiago dute. Horregatik, zaila izaten da saskibaloi talde egonkorrak sortzea".

Oztopoak oztopo, kirol eskaintza zabala izatea herriko gazteentzat eta elkarteentzat onuragarria dela ere uste dute era berean. "Elkartera ez dira gazte pila bat etorriko, baina iristen direnak motibatuta eta elkarteko jardueretan parte hartzeko prest izaten dira. Hori da guretzat garrantzitsuena". Izan ere, argi dute herrian saskibaloia bultzatzeko gakoa, elkarteko kideen parte-hartzea dela. "Antolakuntza lanetan dabiltzan gurasoen seme-alabak guztiz inplikatzen dira elkarteko dinamiketan, eta ingurukoak ere erakartzen dituzte. Jarduera desberdinetan boluntario lana egiteko prest agertzen dira gaztetxo horiek, etxean hori ikusi dutelako. Horrela errotzen da elkartea herrian".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!