Gaur abiatuko dute Orioko Pilota Elkarteko II txapelketa

Karkara 2019ko mar. 22a, 12:30

Denera, 28 pilotari gaztek parte hartuko dute, eta txapelketan zehar bikoteak aldatzen joango dira antolatzaileak.

Gaur Orioko Pilota Elkarteko II. txapelketa abiatuko dute benjamin eta alebin mailako pilotariek. Denera, 28 pilotari gaztek parte hartuko dute, eta txapelketan zehar bikoteak aldatzen joango dira antolatzaileak; ligaxkan partida gehien irabazten dituzten lau pilotari sailkatuko dira finalerako.

Horrez gain, elkartetik jakinarazi dute, Gipuzkoako eskola arteko pilota txapelketan Orioko alebin mailako pilotariek "emaitza onak" lortu dituzte eskuz banaka. Urko Bravok, Alex Carrerak eta Ibai Solaberrietak osatutako taldea 1. postuan sailkatu da, txapelketako lehen fasean. Gaztetxoek martxoaren 30ean, apirilaren 6an eta 13an jokatuko dituzte azken faseko partidak.

Asteburuko partidak
Asteburuan pilota partidak jokatuko dituzte Orioko Pilota Elkarteko nagusi mailako pilotariek. Alde batetik, Gipuzkoako Trinketa txapelketan nesken Paleta Argentinarreko modalitateko 2. mailako ligaxkako azken partida jokatuko du Orioko Pilota Elkarteko kide Mirari Etxegiak.

Bestetik, Esoain eta Arruti Oiartzungo Giriza elkarteak antolatu duen Euskal Herriko XVI. Pala txapelketako kanporaketa jokatzeko sailkatu dira. Partida larunbatean izango da 09:00etan, Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan. Oriotarrek Berazaluse eta Barinagarrementeria izango dituzte aurkari.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!