Orioko Eguneko Zentroak bat egingo du ELAren greba deialdiarekin

Karkara 2019ko mar. 25a, 16:00
Orioko Eguneko Zentroak ELAren greba deialdiarekin bat egin du. Artxiboko argazkia.

Apirilaren 1etik 12ra, 26tik 30era eta maiatzaren 1etik 10era egin du greba deialdia sindikatuak, baina Orioko Eguneko Zentroko langileek oraindik ez dute erabaki zein egunetan egingo dituzten lanuzteak.

Adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileen eskakizunen aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren “pasibotasuna” ikusita, gatazka desblokeatzeko eman beharreko pausoak zehaztu ditu ELA sindikatuak. Besteak beste, 27 greba eguneko greba deialdia egin du: apirilaren 1etik 12ra, 26tik 30era eta maiatzaren 1etik 10era.

Langileen eskaerak 
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako 5.000 langileren baldintzak arautzea eskatu du beste behin sindikatuak. 2017an ekin zieten negoziazioei, baina gaur egun egoera “hankaz gora” dagoela salatu dute. Patronalaren gehiengoarekin aurre-akordioa lortu zuen sindikatuak; hala ere, diputazioak ez finantzatzea erabaki duela azaldu dute. Hori dela eta, langileek borrokaren bidean sakontzea jarraituko dute.

Gipuzkoako langileen lan baldintzen ardura bere gain hartzea, zaintzari eta zaintzaileei lehentasuna ematea, berdintasunaren aldeko ariketa praktikoa egitea eta enpresek greba egunetan %100ean ez finantzatzea eskatu diote diputazioari. 

Bestetik, patronalaren helburua ordainsariei eta beraien negozioari eustea dela uste dute. Ildo horretan, adinekoen egoitzetan senitartekoak dituztenei, aldiz, greba egunetan jasotzen ez duten zerbitzuagatik ez ordaintzeko eskaera egin dute. Orioko Eguneko Zentroko langileek ere bat egin dute eskaera horrekin. "Egoera honetan oso garrantzitsua da familiek ere presioa egitea, jasotzen ez duten zerbitzuagatik ordaintzen ari baitira", azaldu dute Orioko Eguneko Zentroko langileek. Bertako langileek ELA sindikatuaren deialdiarekin bat egingo dute, baina oraindik ez dute zehaztu zein egunetan egingo dituzten lanuzteak.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!