"Errespetua irabazi behar dut nire lanarekin eta emaitzekin"

Karkara 2019ko mar. 26a, 10:05
Imanol Alguacil (Berria.eus)

Jon Ander De La Hoz kazetariak elkarrizketa egin dio Realeko entrenatzaile Imanol Alguacili 'Berria' egunkarirako.

Azken txanpari heltzeko ordua iritsi zaio Realari, eta Imanol Alguacil prest dago "lan izugarria" egiteko. Entrenatzaile oriotarrak egunerokoan du arreta, eta esan du Europak "ondorio bat" izan behar duela.

IMANOL ALGUACIL - Realeko entrenatzailea

Ezohiko itxura du Zubietak. Geldirik dago Espainiako Liga, eta nabari da hori: hutsik daude zelaiak. Asteko estreinako entrenamenduaren aurretik izan da hitzordua Imanol Alguacilekin (Orio, Gipuzkoa, 1971). Elkarrizketak ematen igaro ditu azken egunak, eta "asko" izan direla dio. Azken solasaldia egin, eta zelaira itzultzeko prestatuko da. Han aritzen den moduan, natural-natural, erantzun ditu galderak.

Hausnarketarako egunak izan dituzu. Zer ondorio atera dituzu?
Bereziki, azken partidak ikusita, talde lehiakorra izateko geldikako jokaldietan asko hobetu behar dugula. Hor egon dira azken puntuek ihes egiteko akatsak. Nire ustez, orain artean joko aldetik gauza politak egin ditugu. Geldikako jokaldiek zigortu egin gaituzte.

Orain arteko bilakaera ona eten dute azken bi emaitzek. Garai txarrean etorri dira.
Bai, egia esan. Nik taldea hartu nuenetik gorantz egin genuen, eta joko aldetik ere gustura nengoen. Pena izan da horri jarraipenik ez ematea. Egia da bi partida direla 11tik, ez direla asko, baina min egiten du. Aurkarien geldikako jokaldi horiek ezagutzen genituen, landuta geneuzkan, eta horrek min handiagoa egiten du.

Puntu horiek galtzeko moduak egin dizu minik handiena?
Bai, Sevillakoak min handia egin zigun [5-2 galdu zuen Realak], 25 minutu oso txarrak egin genituen, lehen zati on bat egin ostean. Kezka sortu zigun; 25 minutu horietan denetarik gertatu zen. Levanteren aurkakoa ezberdina izan zen; nire ustez, oso partida ona jokatu genuen, eta ez genuen asmatu. Ez baduzu asmatzen, ondorioak izaten dira. Halaxe gertatu zitzaigun. Min egiten du, bereziki Levanteren aurka, horrenbeste gauza egin eta ez asmatzeak. Halako jokaldi batean gola jaso genuen, eta bi puntuk ihes egin ziguten. Baina hau horrela da, eta ikasi egin behar dugu berriro gerta ez dadin.

Geldikako jokaldietan min egiten dizuetela esan duzu. Zer egin daiteke hori konpontzeko?
Denetik pixka bat, defendatzeko modu asko baitaude. Dudarik gabe, despisteak egoten direnean zaila da, modu batean edo bestean defendatuta ere. Jokaldi horiek bideoan ikusita geneuzkan; bai guk, eta bai jokalariek. Landuta zeuden. Futbola halakoa da, eta batzuetan jokalariak zelaitik joanegiten dira, eta kasu horretan hori gertatu da. Nire ardura da, zalantzarik gabe, baina gauza batzuetan jokalariek eurenak hartu behar dituzte. Hutsegiteak banatuta daude, eta saiatzen ari gara berriz gertatu ez daitezen. Hala izan behar du, lehiakorrak izan nahi badugu behintzat.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus atarian

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!