Antilla hondartzako 3. zenbakidun taberna esleitu du udalak

Karkara 2019ko mar. 28a, 18:00

Pasa den asteartean egin zen martxoko ohiko udalbatzarra.

Asteartean ohiko udalbatzarra egin zuen Orioko Udalbatzak.

GAI ZERRENDA

1.- Irakurri eta onartzea, egoki bada, udalbatzarraren akta hauen zirriborroak: 2018ko abenduaren 27ko, 2019ko otsailaren 11ko eta 2019ko martxoaren 7ko ezohiko bilkuretakoak eta 2019ko urtarrilaren 29ko ohiko bilkurakoa. Aho batez onartu zen.

2.- Adjudikatzea, egoki bada, honako kontzesio administratiboaren kontratazioa: Orioko Antilla hondartzako 3. zenbakidun eraikina okupatu eta bertan Udalak baimendutako ostalaritza-zerbitzuak emateko kontratua. Aho batez onartu zen.

Udalbatzarrean azaldu zutenez, enpresa lizitatzaile bakarra aurkeztu da lehiaketara, Orioko Barra S.L. enpresa. "Aurkeztutako hautagaitzak modu egokian betetzen ditu oinarrietan zehaztutako baldintzak. Beraz, kontratazio mahaiak aho batez proposamena eta espedientea osotasunean ikusita, Orioko Barra S.L.ri Antilla hondartzako 3. zenbakidun eraikina esleitzearen alde egin du", azaldu zuen idazkariak udalbatzarrean.

3.-Onartzea, egoki bada, klausula administratiboen eta baldintza teknikoen agiriak, honako lanak prozedura ireki sinplifikatu bidez kontratatzeko: Orioko Aritzaga kaleko, Endaia kaleko eta Herriko Plazako lurpeko azpiegiturak berritzeko eta berrurbanizazio-lanak egiteko proiektua. Aho batez onartu zen.

EH Bilduko bozeramaile Emeterio Iribarrek azaldu zuen, faseren batean moilako obra eta plaza inguruko lanak bat etortzeko arriskua dagoenez, "obra esleitu ondoren, beharrezkoa iruditzen zaigu herriari argi esatea zein lan egingo diren eremu horretan, nola egingo diren, zein epetan eta beste hainbat xehetasun".

Orioko alkateak ados agertu zen proposamenarekin, eta azaldu zuen informazio osatua eskainiko dela Orioko Udaleko webgunearen bidez. 

Ildo horretan, PSE-EEko bozeramaile Ana Priedek eskatu zuen, obrei buruzko informazioa webgunean argitaratzeaz gain, inguruko ostalari eta merkatariekin bilera egiteko. "Plaza inguruan taberna, jatetxe, denda eta elkarte gastronomiko asko daude, eta lanek zuzenean eragingo die. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zait udala aurrez aurre horiekin biltzea, beharrezkoak diren azalpenak emateko. Izan ere, askotan ahoz ahoz pasatzen diren berriek nahasmena sortzen dute". 

Priedek egindako eskaerari ere baiezkoa eman zion alkateak.