Orioko zortzikoak estropada jokatuko du gaur Londresen

Karkara 2019ko mar. 30a, 10:32

Head of the River Race estropadan parte hartu aurretik Tamesis ibaia ezagutzen ateratako irudiak.

Londresko Head of the River Race estropadan izango da gaur Orio Arraunketa Elkarteko senior mailako gizonezkoen zortzikoa. 1926an egin zen lehen aldiz aulki mugikorreko estropada garrantzitsu hau, eta senior mailako gizonezkoen zortzikoek bakarrik parte hartu ohi dute bertan. Gehienez 420 parte hartzaile biltzen ditu, eta atzerriko 60 ontzi bakarri onartzen dituzte antolatzaileek.

Aurten 311 zortzikok parte hartuko dute erlojuaren aurkako estropadan, eta oriotarrak 44. postuan aterako dira irteera puntutik. 6,8 kilometrotako ibilbidea osatu beharko dute Tames ibaian barrena, Londoneko Mortlake auzotik Putney auzora arteko ibilbidea, hain zuzen ere. Orio Arraunketa Elkartetik zehaztu dutenez, "Oxford-Cambridge estropadan egiten den ibilbidea bera da, baina aurkako noranzkoan egina".

Oriotarrak Londonen
Gaurkoa ez da Orioko zortzikoak Head of the River Race estropada jokatzen duen lehen aldia izango. Izan ere, aurretik Orioko arraunlariak bost aldiz izan dira: 2003an 21. postuan sailkatu ziren; 2005ean 38. postuan; 2009an 23.nak izan ziren eta 2010ean 19. helmugaratu ziren.

Horrez gain, 2004an eguraldi txarragatik estropada bertan behera utzi zuten antolatzaileek, historian lehen aldiz. Dena dela, 30 taldek proba egitea erabaki zuten, tartean oriotarrek. Urte horretan 9. postuan sailkatu zen Orioko zortzikoa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!