OBBkoek asteburu gazi-gozoa izan dute Galizian

Karkara 2019ko api. 30a, 11:14
Bihar ere jardunaldia izango dute Orioko Bate Bizkorrak taldekoek. (OBB)

OBBkoek Cambre taldearen aurka neurtu dituzte indarrak pasa den asteburuan. Lehenengo partida galdu arren, bigarrengoan, galiziarrak azpiratu zituzten oriotarrek. Bihar Donostiako Atletico de San Sebastian taldearen aurka jokatuko dute.

Orioko Bate Bizkorrak sofbol taldekoek Galizian izan dute jardunaldia pasa den asteburuan. Cambre taldearen aurka neurtu dituzte indarrak, eta guztira, bi norgehiagoka jokatu dituzte. Lehenengoa galdu egin zuen OBBkoek, baina bigarrengoan garaipena erdietsi zuten.

Lehenengo partidan 3-2 gailendu ziren galiziarrak. Uxua Modregoren home runak ireki zuen markagailua oriotarren alde, baina hirugarren sarreran partida berdindu zuten Cambrekoek, eta seigarren sarreran, aurretik jarri ziren. Pilar Tabuencaren, Melany Cabreraren eta Maialen Pisonen kolpeei esker, berriz ere berdinketa lortu zuen OBBk, baina azkenean, galiziarrentzat izan zen garaipena.

Bigarren norgehiagokari dagokionez, bestelakoa izan zen; Cambre azpiratu zuen OBBk, 0-5. Oriotarrek lehenengo sarreran lortu zuten lehenengo karrera, eta bigarren sarreran, hiru poltsikoratu zituzten. Zazpigarren sarreran borobildu zuten partida, azkenen karrera batekin.

Bihar, maiatzak 1, Donostiako Atletico de San Sebastian taldearen aurka jokatuko dute oriotarrek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!