Orioko pobrezia datuak, mahai gainera

Karkara 2019ko mai. 13a, 19:00

Asteazken arratsaldean egin zen Orioko allkategaien mahai ingurua, KARKARAk antolatuta, eta herritarrei eragiten dieten hainbat gai jorratu zituzten alkategaiek. Lourdes Salsamendik (EAJ), Anuska Esnalek (EH Bildu), Jose Anjel Iparragirrek (Orain) eta Ana Priedek (PSE-EE) parte hartu zuten mahai inguruan, eta Xabier Etxeberria izan zen saioaren gidaria.

Asteazkenean, maiatzak 8, Orioko Kultur Etxea jendez bete zen, KARKARA aldizkariak antolatutako Orioko alkategaien mahai ingurua bertatik bertara jarraitzeko. Asko izan ziren aretoan tokirik ez zegoelako, mahai ingurua Internetetik zuzenean ikustera etxera joan zirenak ere. Bi ordu inguru iraun zituen saioak, eta bertaratu ziren herritarrek adi-adi jarraitu zituzten EAJren Lourdes Salsamendi, EH Bilduren Anuska Esnal, Orain plataformaren Jose Anjel Iparragirre eta PSE-EEren Ana Priede Orioko alkategaiek esandakoak.

Asteazken goizean zendu zen Juan Rekarte gogora ekarriz hasi zuen mahai ingurua Xabier Etxeberria moderatzaileak, eta doluminak eman zizkion familiari. Ondoren, bukatzear den agintaldiaren balorazioa eginez abiatu zuten eztabaida hautagaiek. Egun oposizioan dauden alderdietako kideek elkarlanean bultzatu dituzten proiektuak azaldu zituzten, eta EAJko Udal Gobernuari kritika egiteko tartea ere hartu zuten. EAJko Salsamendik, berriz, agintaldian zehar jorratu dituzten proiektuak izendatu zituen. Jarraian, azpiegitura eta zerbitzuak, etxebizitza, turismoa, gizarte laguntzak eta Orioko kultur ondarea bizirik mantentzeko bideak izan zituzten hizpide, besteak beste.

Dena dela, gaien artean izan zen herritarren artean harridura sortu eta sare sozialetan oihartzuna izan zuenik, herriko pobreziaren datuak, hain zuzen ere. Izan ere, Orain plataformako Iparragirrek eta PSE-EEko Priedek herriko pobrezia neurtzeko egin den azterketaren emaitzak azaldu zituzten, eta harrituta geratu ziren oriotar asko. “Orioko etxebizitzen %10ak, 200 familia inguru, pobrezia egoera larria bizi du, eta 50 etxebizitzetan gosea pasa da azken urtean. (…) Orion pobrezia larrian dauden familien tasa, Euskal Autonomia Erkidegokoaren bikoitza da, eta Espainiako Estatuaren mailan kokatzen da. (…) Guraso bakarreko familien %15,6a pobrezia egoera larrian bizi da, hau arduraduna ama denean gertatzen da nagusiki, (…) 7-25 urte bitarteko haur eta gazteen %14a pobrezia egoera erlatiboan bizi da, %20,9 pobrezia egoera larria bizi duten familietan”. Priederen iritziz datuak “lotsagarriak” dira, eta aitortu zuen udaletik “ez direla gauzak behar diren bezala egin”. Oraineko Iparragirreren iritziz ere, “azterketak mahai gainean jarri dituen pobrezia egoerei irtenbidea emateko zer egin daitekeen aztertu beharra dago udaletik”.

Ildo horretan, EAJ eta EH Bildu bat etorri ziren, eta herriko gizarte zerbitzuetan aldaketaren beharra nabarmendu zuten. Esnalek aipatu zuen, “Orioko gizarte zerbitzuak isolatuak eta itxiak” direla. “Gizarte lanez hitz egiten dugunean, badirudi karitateaz ari garela, baina herritarren eskubideez ari gara. Horregatik, guri ezinbestekoa iruditzen zaigu gizarte zerbitzuak herrira irekitzea, oriotarrek aukera izan dezaten bertara gerturatu eta informazioa jasotzeko”. Bestalde, EAJko Salsamendik azaldu zuen, “gizarte laguntzak ez direla inoiz nahikoa, gizartean une oro sortzen direlako behar berriak. Dena dela, Orioko Udaleko gizarte zerbitzuek herritarren beharretara egokitu behar dute, herriak gizarte arloan dituen beharrak identifikatu, eta mendekotasun, bazterketa edo larrialdi egoeran dauden herritarrei erantzuna emanez”.

Pobreziaren inguruko eztabaidak sare sozialetan izan zuen jarraipena, eta batek edo bestek aipatu zuen, Orion gosea pasatzen duten familien kopurua horrenbestekoa bada, gainontzeko proiektuak alde batera utzi, eta egoera horri irtenbidea eman beharko litzaiokeela.

Elkarlana, ahoz aho

Herritarren galderen atalean, Bentako bideko obrez, kirol mahaiaz eta agintaldi berrian egon daitezkeen akordioen inguruan galdetu zieten hautagaiei. Azken galderaren harira, alkategai denek elkarlanerako borondatea erakutsi zuten mahai inguruan. PSE-EEko Priedek, esaterako, nabarmendu zuen gehiengo absolutuetan ez duela sinesten eta ez duela hori bultzatuko: “Proiektuak bozkatzea da nire asmoa, ez alderdiak. Dena dela, badago beste aukera bat, oso emaitza onak emango lituzkeena gainera; udalbatza osatzen duten talde guztiekin osatutako Udal Gobernua sortzea, hain zuzen ere”.

Bestalde, Orain plataformako Iparragirreren esanetan, “Orainen botoa beharrezkoa ez bada, ez digute kasurik egingo. Beharrezkoa bada, berriz, gure botoa lortu ahal izateko baldintza batzuk jarriko ditugu, marra gorri batzuk. Horiek betetzen badira bakarrik izango dute gure babesa. Hala ere, garrantzitsua iruditzen zait EAJri eta EH Bilduri galdetzea, gehiengoa lortzen badute, gobernua irekiko duten edo batzorde guztiak beraientzat gordeko ote dituzten”.

EAJko zerrendaburuak nabarmendu zuen, “garai berriak” datozela.”Gehiengoa lortzen badugu gainontzeko taldeei gobernuan parte hartzeko aukera eskainiko diet, eta ardurak banatuko, elkarlanean sinesten baitut. Adibidez, uste dut Anuska Esnal hautagaia gizarte arloan oso baliagarria izango litzatekeela herriarentzat”.
Esnalek berriz aipatu zuen, lidertza eredu desberdin batean sinesten duela EH Bilduk, “ez dugu lidertza inposatzaile bat nahi, elkarlanean sinesten dut eta elkar aberastu behar dugu. Hala ere, hauteskundeen ondoren alde guztiekin bilduko gara, Orio hobe bat lortzeko helburuarekin”.

Publikoaren txalo zaparradarekin amaitu zen bi ordu pasatxoko mahai ingurua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!