Sara Iparragirrek eta Imanol Alguacilek jasoko dute 2019ko Mirotza Saria

Karkara 2019ko mai. 22a, 10:57
Eugenio Cotado zinegotzia eta Ibon Huegun OAEko presidentea.

Ostiralean emango diote hasiera Orioko 7. Garagardo Azokari, 19:00etan. Aurreneko aldiz, bi oriotarrek jasoko dute Mirotza Saria; Sara Iparragirre saskibaloi jokalariak eta Imanol Alguacil futbol entrenatzaileak.

Ostiralean, maiatzak 24, emango diote hasiera Orioko Arraunketa Elkarteak antolatutako 7. Garagardo Azokari. Aurtengoan, aurreneko aldiz, bi oriotarrek jasoko dute Mirotza Saria; hain zuzen, Sara Iparragirrek eta Imanol Alguacilek. Sara Iparragirre, IDK Gipuzkoako saskibaloi jokalariak Europako Txapelketa irabazi zuen 2018an. Imanol Alguacil, aldiz, Errealeko jokalari ohia da, eta gaur egun gizonezkoen lehenengo taldeko entrenatzailea da.

Ostiralean 19:00etan irekiko dituzte azokako ateak, irekiera ekitaldiarekin. Ordu horretan 2019ko Mirotza Saria emango dute Arraunketa Elkarteko kideek, eta ondoren, 21:30ean, Iratz Urkizu oriotarraren Bide Batez taldeak erromeria eskainiko du.

Ibon Huegun OAEko presidenteak eskerrak eman dizkie azokan boluntario modura lanean aritzen diren herritar guztiei, eta baita Orioko Udalari ere. Huegunek azaldu duenez, aurten ere Orioko plazan kokatuko dute azoka, eta hainbat garagardo mota eta ukondoa dastatzeko aukera izango da.

7. Garagardo Azokako egitaraua

Maiatzak 24, ostirala

  • 19:00. Irekiera ekitaldia. Mirotza Saria emango du Arraunketa Elkarteak.
  • Jarraian, erromeria izango da Bide Batez taldearekin.
  • 01:00. Azokaren itxiera.

Maiatzak 25, larunbata

  • 11:00. Easo Motor desafioa.
  • 13:00. Garagardo Azokaren irekiera.
  • 18:00. Hemen Gatoztink kanpainaren azken txanpa.
  • Jarraian, erromeria izango da Fan&Go taldearekin.
  • 01:00. Azokaren itxiera.

Maiatzak 26, igandea

  • 13:00. Garagardo Azokaren irekiera.
  • Goiz eta arratsaldez, Hemen gatoztink kanpainaren azken txanpa.
  • 01:00. Azokaren itxiera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!