Irudietan: Aiako igoeran parte hartuko duten autoen ikuskapena egin dute goizean

Karkara 2019ko mai. 25a, 12:55

Aiako Igoeran parte hartuko duten autoen ikuskapen teknikoak ikusmina sortu du gaur goizean Aian, zale ugari hurbildu baita ibilgailuak bertatik bertara ikusteko.

Goizean goiztik motor hotsak hartu du Aiako Gozategi enparantza. Lasterketan partu hartuko duten 45 autoen ikuskapen tekniko eta administratiboak egin dituzte lasterketako komisarioek. Ikusmina sortu dute herrian eta zale ugari bildu dira herrigunean igoeran parte hartuko duten pilotuak eta ibilgailuak bertatik bertara ikustera. Andatzatik Aiarako bidea ere zalez bete da goizean, toki aproposenak aukeratzeko garaiz ibili dira ikusleak. Karpen azpian euriarengandik babestuta, janaria eta edaria eraman dute, egun pasa egiten ari dira hainbat kuadrilla.

Gipuzkoako txapelketarako puntuagarria izango da gaurko proba. Eguardiko 15:00etan emango diote hasiera lehenengo txandari, eta 45 auto gidari lehiatuko dira. Lau aldiz egin beharko dute pilotuek ia lau kilometroko ibilbidea kronometroaren aurka, lehenengo bi igoerak entrenamenduko mangak izanik. Beste bi igoera ofizialetako denborarik onena izango da azken sailkapenerako balioko duen denbora, nahiz eta bi manga ofizialek puntuatuko duten Txapelketako puntuaziorako. Igoera honetako denborarik onena, errekorra, Aitor Zabaletaren esku dago, 2015ean lortu zuen 1:54:171 denborarekin, bataz beste 118 km/h-ko abiadurarekin.

Arratsaldean errepidea itxi egingo da 13:30ean, eta 15:00etan hasiko da lehenengo entrenamendu-igoera. Ondoren egingo dira gainerako hiru igoerak, eta pilotuak ahalik eta denborarik onena lortzen saiatuko dira. Pilotuek lortutako denborak on-line jarraitu ahal izango dira www.fotomotor.es webgunean, eta, Euskadi Irratiak ere jarraipen berezia egingo dio probari.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!