Orio AE-ko trainerillek urrea eta zilarra lortu dituzte Ondarroan

Karkara 2019ko mai. 27a, 10:00

Atzo eman zioten amaiera oriotarrek 2019ko trainerilla denboraldiari.

Argazkiak: Joxemari Olasagasti
 

Asteburuan Ondarroan jokatu ziren Euskadiko Trainerilla Txapelketak. Orio Arraunketa Elkarteak bi ontzi aurkeztu zituen, emakumezkoen absolutu mailakoa eta gizonezko seniorra, eta urrea eta zilarra eskuratu zituzten, hurrenez hurren.

Larunbatean kanporaketa estropadak jokatu zituzten, eta Orioko bi ontziak igandeko finalerako sailkatu ziren. Igandean, finalean, Orioko emakumezkoen ontziak Euskadiko Trainerilla Txapelketa irabaztea lortu zuten, eta "oso pozik" daude taldeko kideak garaipenarekin. "Ligan zehar lehen postuan ibili izan gara beti, baina maiatzaren 19an jokatu zen Gipuzkoako Txapelketan ez zitzaigun estropada nahi bezala atera, eta hirugarren egin genuen. Kolpe handia izan zen guretzat, eta aste gogorra izan da pasa dena. Beraz, Euskadiko Txapelketa irabazteak berriz ere indar handia eman digu", azaldu du emakumezkoen trainerillako patroi Nadeth Agirrek.

Trainerillekin amaitu dute
Euskadiko Trainerilla Txapelketarekin, trainerilla denboraldiari amaiera eman diote oriotarrek, ez baitute parte hartuko Galizian jokatuko den Espainiako Txapelketan. "Orain traineruan zentratzea da asmoa, eta trainerilletan lortutako emaitzek traineruari bultzada emateko balioko dutela uste dugu".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!