AFEk kudeatuko du Eusko Label eta Euskotren ligetako epaileen zerbitzua

Karkara 2019ko mai. 27a, 15:00
Hilabete barru hasiko dira Eusko Label Liga eta Euskotren Liga. (Joxemari Olasagasti)

Hilabete barru hasiko dira arrauneko Eusko Label Liga eta Euskotren Liga. TKEk eta Arraunketako Euskal Federakundeak sinatu berri duten hitzarmenaren arabera, federazioak hartuko du bere gain epaileen zerbitzuaren kudeaketa.

Ekainaren 22an hasiko dira arrauneko Eusko Label eta Euskotren Ligak. Orain arte, Bizkaiko eta Gipuzkoako federazioek hartu dute beren gain epaileen zerbitzuaren kudeaketa. Dena den, Traineru Kluben Elkarteak eta Arraunketako Euskal Federakundeak hitzarmen berria sinatu dute, eta horren arabera, hemendik aurrera federazioa arduratuko da zerbitzua kudeatzeaz. "Hemendik aurrera, lehiaketaren egonkortasuna bermatzeko federazioak izango du eskumena, eta horrela, epaileen koordinazioaren eraginkortasunaren maila hobetzen lagunduko du", azaldu du TKEk.

Borja Rodrigo TKEko presidentearen arabera, akordioak "Eusko Label Ligak zein Euskotren Ligak lurraldeko epaile onenak izatea bermatuko du, estropadak baldintza onenetan lehiatu ahal izateko". Bestalde, TKE eta AEFren arteko "sintonia ona" aipatu du Rodrigok: "Harreman onak asko lagunduko die bi aldeei etorkizunera begira bide gehiago irekitzeko".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!