Bihar izango da Ikastola Eguneko bazkarirako txartelak erosteko azken eguna

Karkara 2019ko mai. 30a, 15:00

Ekainaren 15ean izango da Ikastola Eguna Orion, eta egitarauaren barruan, herri bazkaria egingo dute. Bihar itxiko dute bazkarirako txartelak erosteko epea. Bestalde, patata tortillak egiteko laguntza eskatu dute antolatzaileek.

Ekainaren 15ean, larunbata, Ikastola Eguna izango da Orion. Egitarauaren barruan, herri bazkaria antolatu dute, eta bihar izango da bazkarirako txartelak erosteko azken eguna. 40 txartel baino ez dira geratzen, eta Ikastolako idazkaritzan eta pergolan jarriko dituzte eskuragarri.

Ikastolako kideek azaldu dutenez, 15 euro balio du helduentzako menuak; eta entsalada, patea, oilaskoa, postrea, kafea eta edariak barnebiltzen ditu. Haurrentzako menuari dagokionez, 10 euroan, kroketak, hanburgesa eta izozkia izango dituzte.

Bestalde, Ikastola Eguneko ospakizunen barruan, hamaiketakoa eskainiko dutela jakinarazi dute antolatzaileek. 150 patata tortilla inguru prestatzeko asmoa dute, eta dei egin diete herritarrei tortillak egiteko eta eramateko. Horretarako beharrezkoak diren blondak jaso daitezke dagoeneko, Ikastolako idazkaritzan eta pergolan.

Orio gara

Ikastola Egunean Orio gara leloa duten kamiseta zuriak edota jertse beltzak janzteko dei ere egin dute Ikastolako kideek. Kamisetak zein jertseak salgai daude idazkaritzan, 6 euroan eta 18 euroan, hurrenez hurren. Jantzi horiek "gure inguruetan hain berezia den Zuhaitz Igelaren irudia" dute, aurreko aldean.