Garai Bateko Arrantzaleen Eguna antolatu dute ekainaren 30erako

Karkara 2019ko mai. 30a, 16:00

Egun osoko egitaraua prestatu dute Orion; besteak beste, erromeria, dantzak, sardina erreak eta herri bazkaria izango dira. Herritarrei parte hartzeko dei egin diete antolatzaileek, arrantzalez edo lehorrekoz jantzita, jaiaz gozatzeko.

Ekainaren 30erako, igandea, antolatu dute Garai Bateko Arrantzaleen Eguna Orion. Kultur Etxearen atzeko aldean hasiko da eguna, 11:00etatik aurrera; erromeria, dantzak eta kantuak izango dira, Orioko kaleetan barrena. Kultur Etxetik Bikamiotara egingo dute ibilbidea; handik Arkaitzera joango dira, eta ondoren, plazara.

Plaza girotzeko asmoz, sareak, saregileak, antxoa kaxak eta karroak izango dira bertan, eta hiru txoko prestatuko dituzte; Gelatoko zuloan, botika parean eta Paxita inguruan. Bestalde, herriko lau gunetan eskainiko dituzte sardina erreak, eta herri bazkaria ere izango da plazan.

Bestalde, herritarren laguntza eskatu dute antolatzaileek: "Eta zer da herriari eskatzen dioguna? Gurekin batera parte hartzea, figurante modura". Hala, "arrantzalez edo lehorrekoz" janzteko dei egin diete herritarrei, "bai erromerian baita kalean jaiaz gozatuz".