ACOES erakundeko misiolariak Orioko Udalean izan dira, beren lana ezagutarazten

Karkara 2019ko mai. 31a, 12:00

Ezkerretik hasita, Amaia Arregi, Alvaro Ramos, Eloisa Muela, Joxe Anjel Zaldua, Maria Luisa Urbieta, Angel del Hoyo eta Bixente Lasa.

Alvaro Ramos eta Eloisa Muela misiolariek Tegucigalpan eta inguruko herrietan, haurren, gazteen eta adineko pertsonen ongizatea bermatzeko egiten dituzten lanen berri eman dute.

ACOES gobernuz kanpoko erakundeko boluntarioak Orioko udal ordezkarirekin bildu ziren ostegun goizean, maiatzaren 30ean, Orioko udaletxean. Hitzorduan elkarteak Hondurasen martxan dituen proiektuak udal agintariei ezagutzera eman zizkieten Hondurasen misiolari lanetan dabiltzan Alvaro Ramos eta Eloisa Muelak. Urola Kostako hainbat herri bisitatu dituzte azken egunetan, Zarautz eta Orio, besteak beste.

Tegucigalpan eta inguruko herrietan, haurren, gazteen eta adineko pertsonen ongizatea bermatzeko egiten dituzten lanen berri eman dute misiolariek. “Honduras da, Haiti ondoren, Amerikako herrialde txiroena; biolentzia eta gosete izugarria daude bertan. Euskaditik eta beste hainbat herrialdetatik jasotzen ditugun diru-laguntzen %100 bertako gizartearen garapenera bideratzen dira". Ildo horretan, azaldu zuten, urte hauetan guztietan jasotako laguntza ekonomikoari esker, gaur egun 13.000 ikasle baino gehiagori haur hezkuntzatik unibertsitatera arteko prestakuntza eta heziketa bermatzen dizkietela. "Gainera martxan ditugun proiektuak kudeatu eta garatzen dituztenen gehiengoa prestakuntza eta laguntza horiek jasotzen dituzten hondurastarrak dira, beraiek izango baitira Honduraseko errealitate lazgarria aldatuko dutenak”, gehitu zuten misiolariek.

Orioko Udalak Gizarte Ongizate sailetik gobernuz kanpoko erakundeentzat bideratzen dituen diru-laguntzak jaso ahal izateko, proiektua aurkezteko gonbidapena luzatu dio ACOES erakundeari.

Bestalde, ACOES Zarauzko koordinatzaile Amaia Arregik eskerrak eman zizkien Orioko Udal ordezkariei elkarteari egindako harreragatik. Halaber, borondatezko lankide edo boluntario bezala ACOES erakundean parte hartu nahi duten oriotarrei dei egin die, “edonolako laguntza ongi-etorria izango da eta”. Interesatuek 672 33 00 63 telefono zenbakira deitu dezakete.