Orioko emakumeen errealitatea ezagutzeko diagnosia egiten ari dira

Karkara 2019ko eka. 4a, 17:00
Martxoaren 8a antolatzeko bilera Orioko kultur etxean. Artxiboko argazkia

Emakumeen ahalduntze eskola sortzea da proiektuaren helburu nagusia, baina horretarako, lehenengo Orioko emakumeen beharrak, hutsuneak eta nahiak identifikatu nahi dituzte.

Emakumeen ahalduntze eskola martxan jarri nahi dute Orion, eta horretarako herriko emakumeen beharrak, hutsuneak eta interesak ezagutzeko diagnosia egiten ari dira Orioko Xaltxerak taldeko Eider Goiburu eta Aizpea Esnaola. "Gu berdintasun teknikariak gara. Esnaola Gipuzkoako hainbat udaletan berdintasun politikak martxan jartzen ari da, eta ni esku-hartze psikosozialetan eta ahalduntze prozesuetan lanean ari naiz emakumeekin. Ohartu ginen Orion ez dagoela emakumeen ahalduntzea ahalbidetzeko eskaintzarik, eta ahalduntze eskola bat martxan jartzeko proiektua udalean aurkeztea erabaki genuen", azaldu du Goiburuk.

Proiektuak bi atal ditu
Helburua ahalduntze eskola martxan jartzea bada ere, aldez aurretik herriko emakumeen beharrak ezagutzeko diagnosia egiten ari dira Esnaola eta Goiburu, eta horretan oinarrituta, herriko beharretara egokitutako proiektua diseinatzea izango da bigarren zatia. "Udalean harrera oso ona izan zuen proiektuak, eta lehenengo fasea onartu zuten. Ekainaren 30ean aurkeztuko dugu diagnosia Orioko Udalean. Behin diagnosia ezagututakoan, erabakiko dute udaleko ordezkariek bigarren fasearekin aurrera jarraitzea nahi duten".

Herriko emakumeen diagnosia egiterakoan, ahal den emakume gehienen ahotsa jasotzen saiatu dira Esnaola eta Goiburu, "herriko emakumeen aniztasuna islatu nahi baitugu" . Horretarako bi bide erabali dituzte. Alde batetik, galde-sortak pasa dituzte euskaraz, gaztelaniaz, arabieraz, frantsesez  eta ingelesez. "Hemen jasotzen den informazioa, ahalduntze eskolako eskaintza zehazteko erabiliko dugu". Bestalde, talde eztabaidak ere egiten ari dira, emakumeen beharretan sakontzeko eta horiek ikusten dituzten hutsuneak identifikatzeko. "Jakin nahi dugu emakumeok nola bizi dugun Orion, emakume izatea. Diagnosia egiteko denbora gutxi dugunez, antolatuta dauden emakumeekin jarri gara harremanetan": Xaltxerak talde feministarekin, Orio feminista komunitateko kideekin, heterosexualak ez diren emakumeen kolektiboarekin, emakume nerabeekin, Esperientzia Eskolako emakumeekin eta emakume musulmanekin bilduko dira. "Talde eztabaidetan oso ekarpen interesgarriak jasotzen ari gara emakumeengandik, eguneroko elkarrizketetan azaleratzen ez diren gaiak. Oso prozesu aberasgarria izaten ari da".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!