Orioko arraunlariak nagusitu dira Lekeitioko uretan

Karkara 2019ko eka. 9a, 17:40
(Orio Arraunketa Elkartea)

Gaur jokatu dituzte traineru ligetako aurredenboraldiko azken estropadak. 11 ontzik parte hartu dute emakumezkoen norgehiagokan, eta Oriokoa nagusitu da. 21 ontzi izan dira gizonezkoen estropadetan, tartean, Zumaiakoa, Orioko B ontzia, Zarauzkoa eta Getariakoa.

Traineru ligen aurredenboraldiko azken txanpan murgildu dira arraun taldeak. Gaur, igandea, aurredenboraldiko azken estropadak jokatu dituzte Lekeition (Bizkaia), eta bertan izan dira eskualdeko hainbat ontzi.

Emakumezkoen norgehiagokan 11 taldek parte hartu dute, eta Orio Arraunketa Elkartea nagusitu da. Hala, Lekeitioko 41. Bandera irabazi du gaurkoan. 22 segundoko aldearekin lortu du bigarren postua Hondarribiako ontziak.

Datorren denboraldian, Euskotren Ligan jokatuko dute Oriokoek, eta ekainaren 29an izango da ligako lehen estropada, Santanderren. Aurten ere lau talde arituko dira: Orio, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia. Euskotreneko azken estropadak Portugaleten izango dira, irailaren 15ean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!