Komedia, drama eta hezkuntzari kritika, eskutik

Karkara 2019ko eka. 11a, 16:15
(Mondraberri)

Ostiralean izango da 'Rita' antzezlanaren emanaldia Orion, eta Aitziber Garmendia jarriko da Ritaren azalean. Aktorearen hitzetan, "heziketaren eta egungo hezkuntza-sistemaren kritika ditu ardatz" lanak, komedia arma modura baliatuta.

Ostiral honetan, Rita antzezlanaren emanaldia izango da Orioko Kultur Etxean, 20:00etan hasita. Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolaza aktoreak dira protagonistak; Rita eta Franken azalean jarriko dira. Willy Rusell-en Educating Rita lana "gurera ekarri" eta komedia ukitua eman diote antzezleek eta Txalo Produkzioak taldeak, eta aurrenekoz urtarrilean taularatu zuten Rita da emaitza.

"Heziketaren eta egungo hezkuntza-sistemaren kritika ditu ardatz antzezlanak", Garmendiaren arabera, komedia horretarako arma modura baliatuta. "Gaur egun eztabaidagai diren alor asko landu ditugu".

Bi mundu hartu-emanean

Garmendiak azaldu duenez, "auzo marginal batean bizi da Rita, eta ikasteko aukera gutxi izan du". Ile-apaintzaile modura egiten du lan, baina lan horrek ere ez du betetzen". Hala, "zerbait berria egiteko eta ikasteko gogoa piztuko zaio, eta bide horri heltzeko erabakia hartuko du". "Bere bizitzan une bat iritsiko da non erabaki bat hartu beharko duen: Bershkara joan eta beste short batzuk erosi, edo zerbait berria egin", dio aktoreak.

"Inguruak ez dio bat ere laguntzen. Lagunak, bikotea zein familia auzo marginalekoak dira, bera bezala, eta bertan lausotuta agertzen dira kulturaren edota hezkuntzaren garrantzia", azaldu du Garmendiak. "Ritak pentsatzen du ez duela zerikusirik inguruko pertsonekin, baina bestelako hezkuntza edota kultura bat jaso eta landu duten pertsonekin eroso sentitzeko maila ere ez duela uste du". Bidegurutze horretan, "galduta sentitzen den pertsona bat da".

Frank, aldiz, "hezkuntza aldetik dena izan duen pertsona bat da", Garmendiaren hitzetan, eta literatura irakaslea da unibertsitatean. Dena den, "bizitzeko gogo gabe harrapatuko du Ritak: alkoholismoan eta depresioan murgilduta". "Batak besteari emango dio besteak ez daukana. Frankek hezkuntza formalari lotutako irakaspenak emango dizkio Ritari; Ritak, ordea, bestelako irakaspenak emango dizkio: "Bizitzeko gogoa, grina eta ilusioa".

Ukitu berriak kontakizunari

Garmendiak azaldu duenez, 70 hamarkadan idatzi zuten jatorrizko Educating Rita. "Guk irakurrita genuen Rita antzezlanean jaso eta moldatu dugun istorioa, eta egia da nahiko dramatikoa dela. Komediara ekartzeko hautua egin genuen, errazago funtzionatu zezakeelakoan". Eta apustuak arrakasta izan duela dirudi. Emaitzak "oso harrera ona" izan duela esan du antzezleak, "espero genuena baino hobea". Orioko emanaldirako ere ahitu dira sarrera guztiak dagoeneko.

"Istorioari berrikuntzak txertatu behar genizkiola sentitu genuen", dio Garmendiak: "Testua zaharkituta zegoen. Esaterako, eredu matxista asko erreproduzitzen zituen, eta guk erabaki genuen horiek ezabatzea". Bestetik, kontakizuna "gurera ekarrita", euskararen gaiarekin ere lotu dutela azaldu du: "Euskaraz ikasteko zailtasunekin ere lotu dugu istorioa. Hori islatzeko, erdarakada asko erabiltzen ditu Ritak".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!