"Anibarko Portuko jaietan haurrentzat ekimen sorta ederra antolatzen saiatzen gara beti"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko eka. 20a, 19:00
Anibarko Portuko festa batzordeko kide Rosi Lazkano eta Joxux Alkorta.

Ostiral arratsaldean abiatuko dituzte Anibarko Portuko jaiak.

ROSI LAZKANO eta JEXUX ALKORTA 
Anibarko Portua auzoko festa batzordeko kideak

Aurten ere ekimen mordoa antolatu dituzue Anibarko Portuko festetan.
Jexux Alkorta: Urtero antzekoa izaten da egitaraua, baina haurrentzat ekimen sorta ederra antolatzen saiatzen gara beti, haurrekin batera gurasoak etortzen direnez, giro ederra sortzen baita auzoan.
Rosi Lazkano: Adin guztietako herritarrentzat da jaia, baina umeak dira ondoen pasatzen dutenak. Iaz esaterako 3x3 areto futbol txapelketa antolatu genuen, eta aurten errepikatu egin dugu, arrakasta izan baitzuen. Pasa den urtean, herriko 46 taldek parte hartu zuten, eta giro aparta izan zen. 

Aurten ere iaz bezain beste haur espero al dituzue 3X3 txapelketan?
J. A.: Deialdi irekia egin dugu herriko eskoletan. Txapelketa honetan parte hartzea da garrantzitsuena, beraz, irabazleek garaikurra jasoko badute ere, parte hartzaile guztientzat izango da domina.
R.L.: Hala da, gainera, haurrei ilusio handia egiten die domina eta litxarkeriak jasotzeak. 

Berrikuntzarik izango al da aurtengo festetan?
R.L.: Aurten ez dugu mus txapelketa antolatu. Normalean arratsalde parterako antolatzen genuen txapelketa, eta karpan jokatzen zen. Hala ere, euria egiten badu, haur jolasak egiteko tokirik gabe geratzen gara, mus jokalariek isiltasuna behar izaten dutelako. Horregatik, aurten mus txapelketa ez jokatzea erabaki dugu.
J.A.: Hala ere, izango da zeregina Anibarko Portuko jaietan. Ostiral arratsaldean, trikipoteoa ere egingo dugu. Ez da berrikuntza, baina oso harrera ona izaten du herritarren artean. Larunbatean berriz, Gari eta Iñaki trikitilariek erromeria eskainiko dute iluntzean eta gauean.

Lagunarteko bazkaria eta afaria ere egingo dituzue, ezta?
R.L.: Iaz antolatu genituen lehen aldiz lagunarteko otorduak. Orain arte auzo-afaria egiten genuen, eta katerina kontratatzen genuen horretarako. Festa batzordeko kideontzat nahiko nahasgarria izaten zen afaria antolatzea, eta horregatik erabaki genuen nork berak ekarritako janariarekin bazkaria eta afaria egitea. Batzuk etxetik ekartzen dute janaria, beste batzuk ogitartekoak erosten dituzte tabernan edo badira azken momentuan haragi pixka bat erosi eta erretzen egiten dutenak. Inprobisatzeko aukera gehiago ematen dute mota horretako otorduek, eta iaz jende asko animatu zenez, aurten ere errepikatzea erabaki dugu.

Urteak daramatzazue Anibarko Portuko festak antolatzen. Gero eta jende gehiago animatzen al da?
R.L.: Eguraldi oso ona egin ohi digu, eta jendetza biltzen da auzoan. Oso gustura gaude, jaia antolatzea festa batzordearentzar esfortzua bada ere, eguna iristen denean giro ederra sortzen delako. Festa batzordea 8-10 laguneko taldetxoak osatzen dugu, baina egunean bertan jende askok laguntzen digu antolaketan.

Auzoan giroa sortzeko garrantzitsuak al dira jaiak?
Bai, jende asko bizi gara Anibarko Portuan, eta auzoari bizitza ematen saiatzen gara beti. Garmendiazpi izeneko auzo elkartea dugu, eta auzoko festez aparte, urtean zehar ere hainbat ekimen antolatzen ditugu. Ekainaren 23an, igandean, esaterako, ohiturari jarraituz, San Joan sua egingo dugu.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!