Orio: uretan neurtzeko prest

Aiora LarraƱaga 2019ko eka. 21a, 09:34
Joxemari Olasagasti

Ekainaren 22an hasiko da gizonezkoen arrauneko maila nagusiko TKE txapelketa: Eusko Label Liga. Egun horretan, Bilboko X. Bandera jokatuko dute.

Denboraldiko bigarren estropada ere Bizkaian jokatuko dute ekainaren 23an: Zierbenan XXXVI. Petronor Bandera, hain justu. Ligaren barruan hogei estropada jokatuko dituzte irailaren 15abitartean, eta eskualdean ere lehiatuko dira: Orion uztailaren 20an eta Zarautzen abuztuaren 17an eta 18an.Aurreko estropaden denboraldian bezala, lehian ariko diren hamabi traineruen artetik bakarra da Urola Kostakoa: Orio Babyauto. Orioz gainera, Eusko Label Ligan ariko diren beste 11ontziak honakoak dira:Astillero,Cabo, Donostiarra, Hondarribia, Kaiku, Lekittarra, Ondarroa, San Pedro, Santurtzi, Urdaibai eta Zierbena.

Aurreko denboraldiaren amaieran baja asko izan zituen Orioko gizonezkoen traineru nagusiak, eta neguan taldea berrantolatzeko lanean aritu da Jon Salsamendi entrenatzailea.«Aurreko bi urteetan bloke berarekin lanean jardun dugu,baina aurtengo neguan aldaketa handiak izan ditugu, eta azken hilabeteetan talde eraikuntza prozesuan murgilduta egon gara». Taldea berria denean, prestakuntzan hainbat xehetasun aldatu egin behar izaten dela aitortu du Salsamendik.«Lehenik eta behin arraunlari berriak ezagutu behar dira, eta horien errendimendua zein izan daitekeen kontrolatu. Horrez gain, presta-kuntza osatzen duten arlo guztietan arreta handia jarri dugu, eta denbora asko igaro dugu taldearen bizkarrezur berria eraikitzen».

Neguan eta udaberrian egindako lanari esker, talde izaera lortu dutela uste du Salsamendik.«Talde honen berezitasuna freskotasuna da. Taldea gaztetu eginda,eta arraunlari askok rol berri bat izango dute denboraldi honetan. Lan txukuna egiteko gogotsu daude mutilak, eta udan zehar horretan saiatuko gara». Denboraldi aurreko etxeko lanak ondo egin dituztela aitortu du Orioko gizonezkoen traineru nagusiaren entrenatzaileak: «Orain, baina, ikusi egin beharko da goi mailako txapelketan taldeak nola erantzuten duen. Jakin badakigu, punta-puntako taldeen aurka lehiatu nahi badugu, ezin dugula hutsik egin».

Kirol arloari dagokionean, ez du helburu zehatzik jarri Orioko traineru nagusiak, baina TKEko ohorezko txandan aritzea da beren nahia. «Guk imajinatu dezakegu, beste taldeekin alderatuta, zein mailatan egon gaitezkeen. Etxean egindako lana neurtzeko parametro batzuk badaude, eta horiek gutxi gora beherako maila erakusten digute. Hala ere, talde berria da gurea, eta uretara atera eta lehiatzen hasten garenean ikusiko da errealitatea. Arraunean, bertsotan bezala, teknikoki oso ona izan arren, plazan jarduten jakin behar da; plazan edo estropadan emandako erantzunak guztiz baldintzatzen du emaitza. Beraz, txapelketa hasten denean, eta uretara ateratzen garenean ikusiko dugu zein mailatan gauden».

Bestalde, Orioko entrenatzaileak uste du, aurten iaz baino talde gehiago arituko direla goi mailan banderak irabazteko lehian.«Urtearen hasieratik genekien Donostiak eta Santurtzik indarberrituta abiatu dutela denboraldia. Esperientzia handiko arraunlariak fitxatu dituzte, eta teorian iaz baino gehiago ibiliko dira. Aurreko denboraldian ohorezko txandan muturra sartzen ari ziren, eta aurten goi mailan izango direla uste dugu. Teoriak teoria dira, baina praktika guztiz desberdina da,beraz ikusi egin beharko da bakoitza non gauden», adierazi du Salsamendik.

TKEko Eusko Label Ligan eta ligaz kanpo dauden estropadak kontuan hartuta, Orioko gizonezkoen traineru nagusiak hiru hilabete eskasean 27 estropada jokatu beharko ditu. Horregatik, aurreko bi urteetan ez bezala, aurten harrobiko traineruko hainbat arraunlarik estropadak jokatuko dituzte traineru nagusiarekin.«Udan pentsatuz, urtean zehar elkarrekin lan egin dugu Orioko gizonezkoen bi traineruok. Jakin badakigu traineru nagusian arraunlari gehiegi ez garela, eta estropada asko ditugunez, ezinbestekoa iruditu zaigu aurten horrela lan egitea.Gainera, iruditzen zaigu Orioko arraunarentzat oso garrantzitsua dela bi traineruen arteko zubia eraikitzea, eta harrobiari goi mailan aritzeko aukera ematea». Ekainaren 2an,Ondarroan jokatu zuten estropadan esaterako, Orioko traineru nagusian B ontziko lau arraunlarik parte hartu zuten.

«Udan zehar, agian, B ontziko lau arraunlari aldi berean ez dira arituko traineru nagusian, baina bigarren ontziko mutilei A ontzian arraunean egiteko aukera emango diegu».

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!