11 traineru lehian, tartean, Orio B

Dorleta Agiriano 2019ko eka. 21a, 13:30

Ekainaren 16an hasi zuten KAE 2 ligako traineruek norgehiagoka. Erandioko Bandera (Bizkaia) izan zuten denboraldi berriko lehenengo estropada.

 Ligan hamahiru estropada jokatuko dituzte abuztuaren 24ra bitartean, azkenengo hori Colindresen (Kantabria, Espainia) izango da. Tartean, Orion izango dute estropada bat, uztailaren 21ean. KAE 2 ligan Urola Kostatik traineru bakarra ari da liga honetan lehian: Orio B. Lehiakide beste hamar ontzi ditu hasi berri den sasoian: Bermeo, Busturialdea, Castro-Santullan, Castro-Glass, Portu-Deustu, Getxo, Go-fit Hondarribia, Mutriku, Portu-Deustu eta SanJuan B.

Angel Larrañaga du gidari aurten ere Orioko Arraun Elkarteko senior gizonezkoen bigarren ontziak. Bigarren sasoia du Larrañagak ontzia prestatzen, baina
ez da bakarrik ari, Alexander Esteban du alboan. Orioko B trainerua duela bi denboraldi jaitsi zen mailaz, eta iaz KAE2 ligan aritu zen.

Denboraldi aurrea «konplikatua» izan dela azaldu du Larrañagak,«martxa hartu arte,behintzat». Taldea osatzeko zailtasunak izan dituzte, baina, azkenean,«bizkarrezurrari eustea» lortu dute.Hala, 23 arraunlarik osatzen dute taldea.

Oraingoan ere harrobiak emandakoa da nagusi Orioko bigarren traineruan: 23 arraunlarietatik hamazazpi dira propioak.
B trainerura «indartsu» gehitu da jubenilen taldeko laukote bat. Hala, Aimar Altzelaik, Oiher Altzelaik, Mikel Lizarraldek eta Jon Aspirozek B ontzian izango
dute  fitxa.

Orioko Bko arraunlariak «dena emateko prest eta indartsu» daudela azaldu du entrenatzaileak.«Ikusi beharko dugu, ordea, ea zer lan egiten duten gainontzeko ontziek».

Denboraldi aurrean elkarrekin aritu dira Orioko A eta B taldeetako arraunlariak.«Gure nahia beti da A taldea laguntzea.Gu egoera onean bagaude, hala
egongo da A taldea ere», gaineratu du Larrañagak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!