Orioko ontziak bigarren izan dira Lekeitioko estropadetan

Karkara 2019ko eka. 30a, 16:37
Argazkia: Aitor Arrizabalaga

Gizonezkoen Eusko Label eta emakumezkoen Euskotren ligetako traineru estropadak jokatu dira gaur eguerdian Lekeitioko uretan. Bietan ere bigarren postuekin konformatu behar izan dute oriotarrek.

Asteburuko bigarren bandera irabazteko esperantzarekin joan dira Orioko neskak Lekeitiora. Bezperan, larunbatean, Euskotren ligako estreinaldian, Orio nagusi izan zen Santanderren, eta Donostia Arraun izan zen bigarren. Igandeko estropadan, ordea, donostiarrak nagusitu dira Oriorekiko bost segundoko aldearekin. Lehen ziabogan Orio zen aurretik, baina bueltako luzean Donostia Arraun hobeto moldatu da.

Lehen bi jardunaldien ondoren Donostia Arraun eta Orio 7 puntura berdinduta daude. A Coruñan (Galizia) izango dute hurrengo hitzordua, larunbatean eta igandean jokatuko duten II. Bandeira Cidade Coruñan.

Emakumezkoen ondoren, gizonezkoen txanda izan da, eta hemen ere bigarren izan dira oriotarrak. Eusko Label ligako lehen bi jardunaldiak irabazi ditu Oriok, baina hurrengo bietan, Santanderren eta Lekeition, bigarren postuan heldu da San Nikolas trainerua. Atzoko estropadan Hondarribia izan zen nagusi, eta gaur Santurtzi. Ligan lortu duten lehen bandera da hau santurtziarrentzat. 

Lau jardunaldi jokatu ondoren, Oriok jarraitzen du sailkapeneko buruan, 46 punturekin. Atzetik Hondarribia eta Santurtzi ditu, 39 eta 38 punturekin, hurrenez hurren. Gizonezkoek ere A Coruñan izango dituzte estropadak datorren asteburuan. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!