Martxan da 'Xua gurasoekin etxera!' dinamika

Karkara 2019ko uzt. 3a, 17:00
Orion ateratako talde argazkia. ('Xua gurasoekin etxera!')

Urtarriletik aurrera, Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster presoen alabak ezingo du gurasoekin espetxean jarraitu. 'Xua gurasoekin etxera!' dinamika sortu dute Orioko eta Usurbilgo hainbat herritarrek.

Ekaina amaieran aurkeztu zuten "herri ekimenez sortutako" Xua gurasoekin etxera! dinamika, Usurbilen. Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster presoen alaba da Xua; Valentziako Picassent espetxean jaio zen 2017. urtean, eta une honetan, bertan preso daude hirurak.

2009. urtean atxilotu zituzten Uranga eta Lasagabaster, eta 10 urte bete berri dituzte kartzelan: “12 urteko zigorraren hiru laurdenak ondo beteta dituzte dagoeneko. Espainiako legeriaren arabera baldintzapeko askatasunean beharko lukete”, azaldu dute dinamika martxan jarri duten kideek.

Urtarrilean hiru urte beteko ditu Xuak; beraz, legeriaren arabera, ezingo du espetxean jarraitu: “Laster bananduko da familia, Xua Euskal Herrira etorriko baita urtarrilean. Gurasoek preso jarraituko dute, banaketa benetan gogorra izango da. Hiru urteko ume bati gurasoekin egoteko eskubidea kenduko diote”.

Bestalde, gogorarazi dute Uranga eta Lasagabaster “espetxe bat baino gehiagotan” izan dituztela “bananduta”. Orain ere modulu desberdinetan dituzte atxilo; hala, ama-alabak 24 orduz izaten dira elkarrekin, baina aitak astean bitan soilik ikusten ditu. Lasagabaster eta Xua 12 metro koadro dituen ziega batean daude. Gainera, Lasagabasterren amak azpimarratu du “familiakoen eta lagunen babesik gabe” erditu zuela presoak, “etxetik 600 kilometrora”. Urangaren aitaren hitzetan, “gogorra da Patxi, Olatz eta Xua ikusteko 1.200 kilometro egin beharra”. Urangaren hiru lagunek bisitatik bueltan auto istripua izan zutela ere mahaira atera du.

Hamaika ekimen esku artean

Hala, kanpaina martxan jartzeko “premia bizia ikusi” dute Orioko eta Usurbilgo hainbat lagunek. Xua Euskal Herrira etortzea “berri zoragarria” dela adierazi arren, gurasoek ere “etxera” etorri beharko luketela nabarmendu dute: “Zergatik ez eurekin ere legea bete? Noiz arte eduki behar dituzte kartzelan bahituta?”.

Xua gurasoekin etxera! dinamikaren barruan, hainbat ekimen abiatu dituztela iragarri dute. Uranga, Lasagabaster eta bien alabaren egoera jaso dute aldizkari batean, eta Usurbilgo zein Orioko etxeetan banatu dute. Bestalde, sinadura bilketa bat jarri dute martxan, eta mozio bat aurkeztuko dute Usurbilgo eta Orioko udaletan, udazkenean. Horrez gain arropa eta bestelako materiala sortu dute kanpainaren irudiarekin, baita postalak ere, hirurei bidali ahal izateko. “Xua gurasoekin etxera etor dadin” eskatzeko abestia ere ekoiztu dute hainbat musikarik eta sortzailek, baina udazkenera arte ez dute argitaratuko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!