Alkatearen gutuna, San Pedro jaiak direla-eta

Karkara 2019ko uzt. 3a, 18:00

Iragan asteburuan izan dira San Pedro festak, eta Anuska Esnal Orioko alkateak ondorengo gutuna idatzi du, "jaiak antolatu dituztenei eta era batera edo bestera parte hartu duten herritarrei" eskerrak emateko. Hona hemen gutuna osorik.

"Oinarri horia eta arrantzalea duen herria da gurea. Taldean lan egiten eta taldean eragiten dakiena. Eta hori erakutsi du berriro San Pedro jai hauetan ere.

Poz-pozik nago Txurrumuski elkarteak, altxorren harrobi horrek, jaietako txupinazoa bota zuelako. Ohore bat izan zen bertan egon ahal izatea. Pozik nago, baita ere, Arrantzaleen Eguna antolatu zuen lantaldeak herriaren nortasuna berreskuratzeko eta erakusteko urtez urte egiten duen ahaleginak fruitua ematen duela ikusten dugulako. Pilota elkarteak, dantza-eskolak, ikastolak eta eskolak antolatutako ekitaldietan jende mordoak parte hartzeak pozten nau. Erraldoi eta buruhandiek, puzgarriek, trikitixa-txapelketak eta Danbolin Musika Eskolaren kontzertuek, besteak beste, halako jende pila mugitzen dutela ikusita ere, nola ez egon pozik?

Ekitaldiak antolatzen aritu diren herriko elkarte guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, baina, eskerrak emateaz gain, udalaren eta nire babes osoa eskaintzea da gure nahia. Bide horretan jarraituko dugu.

Hala ere, askotan bideak zailak eta malkartsuak direla ere adierazi dut festa hauetan. Ondo asko dakite hori Orioko emakumezko arraunlariek. Ziur naiz lortu berri duten Euskotreneko lehen garaipen honek zapore ezin hobea utzi diela. Bejondeizuela, neskak!

Baina, batik bat, ohorea eta harrotasuna da pertsona eta izaera guztiak errespetatu dituen festa batzuk igarotzea. Eskerrik asko, Orio!

Anuska Esnal, Orioko alkatea".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!