Hamabigarrenez herriko plaza jatetxe bihurtuko da Bisiguaren Festan

Karkara 2019ko uzt. 4a, 16:03

Uztailaren 12tik 14ra egingo da Bisigua Orio Estilora jaialdia, eta Martxelo eta Ana Mari Mancisidor anai-arrebak omenduko dituzte Bisiguaren Laguna Oroigarriarekin

Gaur eguerdian Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoa aurkeztu dute elizako zimitorioan. Han izan dira Orioko Udaleko ordezkariak: Anuska Esnal alkatea eta Merkataritza eta  Turismo batzordeburu Bakartxo Oliden; EAJko Lourdes Salsamendi, Orain plataformako Jose Angel Iparragirre eta PSE-EEko na Priede zinegotziak, eta bisiguaren festako protagonista izango diren Katxiña erretegiko Joxe Miel Zendoia, Xixario erretegiko Luis Mari Uranga eta Joxe Mari erretegiko Mikel Manterola parrilleroak.

Anuska Esnalek, Orioko alkateak, festaren helburuak azpimarratu ditu lehen hitzartzean: “Herriarena den nortasunetik abiatuz herriko arrantza giroa omentzea da asmoa”.  Bisiguaren atzean Orioko gastronomiaz haratago, herritarren “nortasuna eta tradizioa” dagoela adierazi du. "Oriok, itsasoarekin lotura estua du, herri arrantzalea gara, eta horrek kultura ulertzeko gure modua eta izaera sortu du; arrauna bizitzeko ere era berezia dugu. Bisigua Orio Estilora jaialdi gastronomikoa estilo propio horren erakusleihoa izango da".

Jarraian Joxe Miel Zendoiak hartu du hitza, eta bisigurik onenak herrira ekartzen saiatuko direla nabarmendu du: "Tarifatik, Galiziatik eta Azores irletatik ekarriko ditugu". 

Martxelo eta Ana Mari Mancisidor, aurtengo omenduak
Turismo eta Merkataritza batzordeburu Bakartxo Olidenek festaren xehetasunak azaldu ditu aurkezpenean. Izan ere, aurten lau otordu izango ditu bisiguaren festak, eta parrilleroek 500 bisigu erreko dituzte plazan jarriko den zortzi metro luzeko parrilla erraldoian. Bisigua Orio Estilora jaialdiko  otorduetan mila lagun inguru biltzea da Udalaren asmoa. Txartelak salgai daude Orioko Turismo Bulegoan, 55 eurotan, eta erreserba 943-835565 telefono zenbakira deituta egin daiteke, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.

Uztailaren 12an egingo da Bisigua Orio Estilora jaialdiko irekiera ekitaldian, eta Olidenek jakinarazi du aurten Martxelo Mancisidor eta Ana Mari Mancisidor anai-arrebak omenduko dituztela Bisiguaren Laguna Oroigarriarekin, urtetan muxutruk egindako lan isila aitortzeko. Omenaldian parte hartuko dute herriko festetako ikur diren Pello eta Nikolasa erraldoiek, Harribil Dantza Taldeak eta Salatxo Abesbatzak.

Bestetik, azpimarratu dute, ekitaldi berezi bat ere izango dela aurtengo egitarauan: Lau bertsolari eta ziaboga bat bertso saioa antolatu dute larunbat arratsalderako, eta Amets Arzallus, Sustrai Kolina, Alaia Martin eta Jon Maia bertsolariek parte hartuko dute.

Menua
Hurrengoa izango da Bisigua Orio Estilora jaialdiko menua: Lodosako zainzuriak, tomate eta hegaluze entsalada, bakailao kokotxak saltsa berdean, bisigua, postrea kafea eta edaria.

Horrez gain, ohiturari jarraituz, larunbat eguerdian marmitako herrikoia prestatuko da, eta igande eguerdian, hegaluzea parrilan erreta dastatzeko aukera izango dute jaira bertaratzen direnek.

EGITARAUA
Uztailak 12, ostirala
- 20:00. Bisigua Orio Estilora aurkezpen ekitaldia izango da Herriko Plazan. Salatxo abesbatzak, Pello eta Nikolasa erraldoiek, eta Harribil dantza taldeak parte hartuko dute.
- 20:00. Petritegi sagardoaren dastaketa.
21:00. Afaria.
Uztailak 13, larunbata
- 12:00. Petritegi sagardoaren dastaketa.
- 12:00. Marmitakoa Herriko Plazan. Razioa bi eurotan izango da salgai.
- 14:00. Bazkaria.
- 19:30. Lau bertsolari eta ziaboga bat bertso saioa plazan. Amets Arzallus, Jon Maia, Sustrai Colina eta Alaia Martin bertsolariek eta Unai Elizasu gai-jartzaileak parte hartuko dute.
- 20:00. Sagardo dastaketa.
- 21:00. Afaria.
Uztailak 14, igandea
- 12:00. Bisigu erre lehiaketa Herriko Plazan, Orioko elkarte gastronomikoen artean.
- 12:00. Petritegi sagardoaren dastaketa.
- 12:00. Hegaluzea parrillan Eusko Labelen laguntzarekin. Razioa bi eurotan izango da salgai.
- 14:00. Bazkaria.

 

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!