Hecho bailarako PIR jaialdian parte hartu du Imanol Urkizuk

Karkara 2019ko uzt. 9a, 13:23

PIR jaialdiak Pirinioetako musika eta kultura ezagutzea du helburu.

Aragoiko Pirinioetan PIR jaialdia egiten dute urtero, Pirinioetako musika eta kultura ezagutzera emateko. Pasa den asteburuan egin zuten Hecho herrian, eta Aragoiko, Euskal Herriko, Kataluniako eta Frantziako musika taldeek parte hartu zuten, tartean Imanok Urkizu oriotarrak. Dena dela, asteburukoa ez da Urkizuk jaialdian parte hartzen duen lehen aldia izan, duela hamalau urte pandero tailerra eman baitzuen jaialdi berean.

Musikarien bilgunea
Urkizun beste hiru lagunek eskaini zuen saioa. "Karlos Peñaranda txistulari nafarrari proposatu zioten musika tradizionala ardatz duen jaialdian kontzertua ematea. Bera bakarrik animatzen ez, eta nirekin eta beste bi lagunekin harremanetan jarri zen Peñaranda. Egun batean Iruñean entseatzeko geratu ginen eta asteburuan kontzertua eman genuen Hechon".

Urkizu eta taldeko gainontzeko kideak oso gustura geratu dira kontzertuarekin. "Elkarrekin beste kontzerturen bat emateko aukeraz ere hitz egin genuen. Gainera, mota horretako jaialdiak oso aberasgarriak izaten dira musikariontzat. Alde batetik, gure musika publikoari ezagutarazteko bidea dira, eta bestetik, musikarion bilgune izan ohi dira. Aspaldian ikusi gabeko lagun musikariekin topatu nintzen bertan, eta jaialdi hauek musikarion artean harremanak sendotzeko eta besteen lana ezagutzeko balio dutela uste dut. Nork daki, etorkizunean proiektu berriak ere sortu daitezke bertan egindako edo indartutako harremanetatik".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!