Herriko txaranga indarrean da berriz

Karkara 2019ko uzt. 11a, 08:53

Ekainean zabaldu zuen udalak txaranga indartzeko deialdia, pasa den igandean irten ziren kalera, estreinakoz, arraunlariei egin zitzaien harrera hirukoitzean.

Ekainean, Orioko Udalak, herriko txarangaren inguruan hitz egiteko deialdia zabaldu zien herriko musikariei. Udalak azaldu zuenez, "txarangaren beharra" izaten da herrian, "ospakizunetan jotzeko eta kalea alaitzeko", esaterako, arraunlariei egindako errezibimenduetan. Urtetan Talai Mendi txaranga aritu da herriko ospakizunak girotzen, baina dirudienez, "azkenaldian nahiko lan izaten da musikari-taldea itxuraz osatzeko".

Hala, "txaranga indartsua" sortzeko asmoarekin deitu zuten bilerara, "aurten festa egiteko arrazoiak faltako ez direlakoan". Musikari mordoa juntatu zen bileran, Talai Mendi txarangako kideak, Musika Eskolako ikasleak eta bandako partaideak besteak beste. Aitor Larraza txarangako partaideak jakinarazi digunez gustura daude Talai Mendikoak jasotako erantzunarekin: "Guztira 30 bat musikari elkartu gara txaranga osatzeko".

Hasiera emateko, harrera hirukoitza

Pasa den igandean jo zuen txarangak estreinakoz, herriko hiru arraun taldeei egin zitzaien errezibimenduan. "Hasteko modu hoberik" ez dago. Bertaratu zirenek aniztasunez betetako txaranga bat izan zuten aurrean, haur, gaztetxo zein helduek osatutako taldea, instrumentu ugarirekin. Tartean, zeharkako flauta. Txarangatan ikusten den ohiko instrumentua ez bada ere, Larrazak txaranga anitz bat nahi dutela adierazi du: "Deialdia zabaldu nahi dugu, edozein musikarik, edozein instrumentuk ditu ateak irekita". 

Horrela, taldea handitzen jarraitzea da asmoa, herriko festetan parte hartzeko, errezibimenduetan arraunlariak udaletxeraino eramateko eta bestelako ospakizunetan jotzeko. Horregatik, astero astero entseguak egiteko asmoa du txarangak, "asteazkenetan bilduko gara, kosta tailerreko Salatxo Abesbatzaren aretoan. Txarangan hasteko gogoa duenak ez dezala bi aldiz pentsatu eta etor dadila, ondo pasako dugu eta".

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!