Irudietan: 600 kilo marmitako banatu dituzte plazan

Karkara 2019ko uzt. 13a, 12:45

Atzo hasi ziren marmitakoaren prestaketarekin. Eta, gaur, kazuelari tapa kendu orduko ilara luzea sortu da inguruan. Bisitariek momentuan dastatu dute, herritar gehienek, ordea, plastikozko ontzietan etxera eraman dute bazkaltzeko. 

Gaur eguerdian 12:00etan puntuan hasita marmitakoa dastatzeko aukera izan da herriko plazan, borondatez lanean jardun diren herritarren eskutik. Kazuelaren tapa altza orduko ilara luzea sortu da inguruan. 

Hamabigarrenez egin dute gaur marmitakoa Bisiguaren Festako programaketaren barruan. Eskertu egin dute bisigua dastatzeko aukera izan ez dutenek. Aurtengoan, guztira, 600 kiloko marmitakoa prestatu dute, 300 kilo patata eta beste hainbeste atunez osatuta. Bi kazuela handietan banatuta. Hainbeste kilo prestatzea ez da lan motza izan, atzo hasi ziren prestaketarekin. Arratsaldeko 15:00ak aldera plaza boluntarioz bete zen patatak zuritzeko. Atunaren prestaketa, ordea, gaurko utzi dute, goizeko 10:00etatik zerbitzatu arte jardun dira buru belarri. Oriora bisitan etorri direnek momentuan dastatu dute marmitakoa antolatzaileek emandako plater batean, 2 euroren truke. Herritar gehienak, ordea, jada ohitura bihurtu den moduan etxetik ontzi handiekin gerturatu dira, lau bat portzio hartu eta etxean bazkaltzeko. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!