"Nire albotik pasa zen zezena, ni lurrean nengoela"

Karkara 2019ko uzt. 16a, 12:00

Iruñeko San Fermin jaietako lau entzierrotan egin du korrika Aratz Arregik.  Txiki txikitatik izan du entzierroekiko ikusmina. Pasa den urtean egin zuen lehenengo korrikaldia eta sentitu zuen adrenalinak eta beldurrak aurten berriz ere lau entzierrotan korrika egitera eraman du 19 urteko gaztea.

Bideoa: Aratz Arregik elkarrizketan aipatu digun pasartea ikus daiteke 0:45 segundotik aurrera, zezenen aurrean agertzen da Arregi, Orioko Arraunketa Elkarteko kamisetarekin.

Aurten izan al da entzierroa korritu duzun lehen aldia?

Urte hau ez da nire lehenengoa izan. Iazko San Fermin jaietan izan zen, hemezortzi urte eginak nituela, hiru entzierrotan egon nintzen. 16 urtez geroztik Lizarrako festetan bigantxatan korrika egiten hasi nintzen, bertan ikasi nuen nola egin.

Nolatan otu zitzaizun entzierroetan parte hartzeko ideia?

Ez da urte batetik bestera erabaki dudan zerbait. Hiru urterekin hasi zitzaidan mundu hau gustatzen. Amarekin Garesera joaten nintzenean panpinazko zezenekin egiten zituzten entzierroak, gustura joaten nintzen. Lizarrako festetara ere urtero joaten gara, han familia dugu eta bertako entzierroak ikustea asko gustatu izan zait beti. Sentitzen den adrenalina eta beldur horrek, lau edo bost segundo irauten dute baina sentsazio hori asko gustatzen zait. Zortzi urte nituenetik amonaren etxean ikusten nituen entzierroak. Goizeko 8:00tan hasten badira 7:15ean esnatzen nintzen amonarekin zezen bakoitzaren marrazkia egin eta izena eta pisua idatzita edukitzeko.

Gainera, jende askok esaten zidan ez nintzela ausartuko korrika egitera. Lagunak, familiakoek, osabak... behin han ikusi zidatenean, orduan, kontrakoa esaten hasi ziren, ez parte hartzeko berriz, bizitza jokatzen ari nintzela.

Nolakoak izaten dira entzierro aurreko orduak?

Aurten lau entzierrotan hartu dut parte eta guztietan gauza berbera egiten saiatu naiz. 6:30ak aldera iratzargailua jarri, gosaldu, dutxatu eta lasai lasai 7:15 aldera entzierroko gunera joaten naiz. Ibilbidean sartu naizen bakoitzean pentsatu dut zer egiten nuen hor, nire bizitza jokatzen, beldur pixka bat ere pasa dut baina bizitzen dudan adrenalina hori izugarria da niretzat.

Zer sentitzen duzu zezenak korrika atera aurreko minutuetan egiten diren errituetan?

San Fermini kantatzerakoan errespetua sentitzen dut, bere babesa eskatzen delako. Nik uste dut ezinbestekoa dela une hori. Azken suziria entzun baino hamar minutu lehenago nire munduan sartzen naiz, alboan nor dudan ere axola gabe. Hasieran beldurra sentitzen da, nor bere munduan dago eta konturatzerako suziria entzuten da eta zezenak badatozela ohartzen zara.

Nola bizi dituzu aurtengo entzierroak?

Gustatzen zaidan zerbait da, ondorioak jakinda ere jarraitu egingo dut korrika egiten. Uste dut poztasuna eta beldurrarekin bizi ditudala aurtengoan. Egia esan orain askoz zailagoa da ezbehar handiak gertatzea, zezenak entrenatuta daude eta. Baina gerta liteke. Zezen bakoitza mundu bat da, eta edozein korrikalariri harrapatu diezaioke bat-batean.

Estutasun momenturik bizi duzu?

16 urtetatik noa korrika egiten eta ezbehar handirik ez zait gertatu orain artean. Aurten, ostegunean, 11an, korrika hasi nintzen betiko gunean, udaletxeko parean eta zezenaren aurrean joan nintzen momentu batean, atzera begiratu eta zezenaren burua ikusten nuen eta sekulako adrenalina sortu zidan horrek baina bat batean nire ondokoa nire aldera etortzen hasi zen eta oso azkar gindoazen korrika, bultzadak egoten dira beti. Albokoa erortzen hasi zenean kamisetatik heldu zidan eta kostila parean golpea hartu nuen. Eskuin aldera begiratu nuen eta nire ondotik metro batera pasa zen zezena, ni lurrean nengoela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!