Lertxundi eta Aranaldek galdu egin dute Santio Txapelketako finalerdia

Karkara 2019ko uzt. 17a, 13:00

Aurretik hasi ziren norgehiagokan, baina azkenean aurrea hartu zieten Egiguren eta Esnaolak. Txapelketa atzera utzita, Gipuzkoako lehen mailako txapelketarako prestatzen hasi da bikotea.

Eskuz binakako Santio Txapelketako finalerdia jokatu zuten atzo arratsaldean Lertxundik eta Aranaldek Villabonako Behar Zana pilotalekuan. Egiguren eta Esnaola izan zituzten aurkari.

Hasiera ona eman zioten partidari oriotarren, 10-6 aurretik joan ziren, gero aurkariek tanto dezente egin eta atzean utzi zituzten Aranalde eta Lertxundi. "Partidu gogorra eta jokoz parekatua izan zen nahiz eta markagailuan ez den hori ikusten" adierazi digu Ibon Aranalde pilotariak. Egindako txapelketarekin gustura dago bikotea, "Finalerdietara iristea lortu dugu, eta maila eman dugu".

Eskuz binakako Santio Txapelketa atzean utzita, Gipuzkoako lehenengo mailako txapelketarako prestaketan hasiko dira oriotarrak.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!